Joseba Morono izan da Blues Hotsak jaialdirako sarreren zozketako irabazlea

Barren.eus 2023ko aza. 10a, 12:47

Gaur hasiko da Soraluzeko Blues Hotsak jaialdia, Txomin Artolaren kantuekin osatutako 'Belar Hostoak' emanaldiarekin, eta BARRENek kontzerturako bi sarrera zozkatu ditu: Joseba Morono izan da irabazlea. 

 

Bosgarren urtez antolatu dute Soraluzeko Blues Hotsak jaialdia, eta Belar Hostoak diskoaren berrinterpretazio kontzertuak emango dio hasiera, gaur. Txomin Artolak Walt Whitmanen Leaves of Grass liburutik aukeratutako testuak euskaratu eta Belar Hostoak diskoa argitaratu zuen 1978an. Haren seme Urbil Artolak Bilboko Loraldia festibaletik Walt Whitman poetari omenaldi moduko bat egiteko proposamena jaso zuen, eta duela 44 urteko disko hura berrinterpretatu du. Belar Hostoak I eta Belar Hostoak II diskoak kaleratu ditu, lagunez inguratuta. Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua eta Jon Gurrutxaga elgoibartarrak hartu dute parte lan berri honetan. Soraluzeko Herriko Antzokian izango da emanaldia gaur, 20:00etan hasita. 

Blues Hotsak jaialdiko gainerako kontzertu eta ekitaldiak azaroko azken astean egingo dituzte. Azaroaren 22an, Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak Rory Gallagher gitarrista irlandarraren gaineko liburua aurkeztuko du eta 23an, Amy Winehouse-i buruzko filma proiektatuko dute. Osteko egunetan etorriko dira jaialdiko kontzertu nagusiak: 24an, Depedro; 25ean, Gisele Jackson & The Shu Shu's organ trio; eta, 26an, Amythology Amy Winehouse-i, maitasunez (tributoa).


 • Haurtzaindegi zerbitzua
Nobedade gisa, aurten, antolatzaileek  haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute ordainpeko kontzertuetan eta hala, kontzertuak iraun duen bitartean, umeek Soraluzeko Ludotekan (antzokiaren ondoan dago) jolasteko aukera izango dute Kukumixo aisialdi taldeko hezitzaileen zaintzapean.