Jasone Osoro: “Norbere buruarekin gustura egotea da niretzat arrakasta”

Barren.eus 2023ko aza. 12a, 19:04

'Arrakasta' saiakera argitaratu du Jasone Osorok (Elgoibar, 1971), Elkar argitaletxearekin. Urriaren 31n aurkeztu zuen ofizialki, Donostian, eta eguaztenean bigarren aurkezpen bat egin zuen Elgoibarren, Pitxintxun, Maite Rementeria lagunaren eskutik.

Hiztegiek eta filosofoek arrakastaz ematen dituzten definizioetatik abiatuta idatzi du liburua Osorok, arrakasta lortu duten hamaika laguni egindako elkarrizketak, bere oroitzapen eta esperientzia propioak eta beste zenbait autoreren aipuak bilduta. Joxemari Agirretxe Porrotx pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo kazetaria, Maider Egues kazetaria, Jon Garaño zine-zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria dira gaian sakontzeko elkarrizketatu dituen lagunak.

 • 'Zer da arrakasta?' galderarekin hasi duzu lehenengo saiakera liburua duzuna. Non du abiapuntua?
Festa (Elkar, 2021) argitaratu nuenerako, hasita nengoen pare bat ideiaren inguruan lanean, baina konturatu nintzen bi ideia haiek ez nindutela gehiegi betetzen. Sortzaileok aldizka izan ohi ditugun sorkuntza krisi horietako bat sentitu nuen, eta erabaki nuen gai hori lantzea, beste sortzaile batzuei galdetuta nola kudeatzen dituzten halakoak, zer egiten duten korapilo horretatik irteteko. Eta horretan ari nintzela konturatu nintzen beste hitz bat gailentzen zela sorkuntzaren eta krisiaren gainetik: arrakasta. Erabaki nuen hori izango nuela lanerako gaia.

 • Nola osatu zenuen elkarrizketatuen zerrenda?
Maider Egues kazetari eta lagun minarengana jo nuen lehenengo, buruan nerabilen gaia egoki ikusten ote zuen jakiteko, eta hala irudituz gero, liburuan parte hartzera gonbidatzeko. Kezka neukan nola hartuko ote zuen jendeak arrakastaz idatzi nahi nuela esanez joaten nintzaienean. Beldur nintzen uxatuko ote nituen denak, lotsagatik, umiltasunagatik, segurtasun faltagatik edo dena delakoagatik, baduelako arrakasta hitzak halako fama txar bat ere. Jabetuta nengoen kosta egiten zaigula arrakastaz hitz egitea, kosta egiten zaigula arrakasta ezagutu dugula onartzea, eta are gehiago, bilatu nahi dugula esatea. Maiderri gustatu egin zitzaion gaia eta baietza eman zidan. Markel Irizarrengana jo nuen gero, bikotekidearen laguna delako eta gutxi-asko banuelako haren berri. Markelek ere baietza eman zidan, eta ekin nion taldea osatzeari. Nire ikuspuntutik arrakasta ezagutu duten eta gaiaren inguruan diskurtso bat izan zezaketen hamaika lagun lotu nituen. Nik uste baino errazagoa izan zen. Ondoren, banaka batu nintzen eurekin. Bizitzaz hitz egin nuen haiekin, landu nahi nituen gaien inguruan aurrez bidali nien gidoi baten inguruan, eta garbi lagata arrakastari buruzko liburua idatzi nahi nuela eta ez elkarrizketa liburu bat. Tertulian aritu ginen, konfiantzazko giroan; hala iruditzen zait behintzat, lortu genuela giro hori. Ez nuen apunte bakar bat ere hartu eta saiatu nintzen grabagailuari ere gehiegi erreparatu ez ziezaioten.

 • Liburuan, arrakastari buruzko definizio gehiago ere topa daitezke, baina ondoriotan honela diozu: "Izozmendi baten tontorrean idatzitako hitza da, aldaera ezberdinak dituena, ertzez betea dagoena, argi-ilunez, labainkorra eta itsaskorra, ispilua, amildegia. Horixe da arrakasta, ikusten dena baino askoz ozeano zabalagoa, bere baitan hamaika hitz batzen dituena". Liburua idazten hasi zinenean, zenbateraino zeunden gertu ala urrun definiziotik?
Uste dut aurrez sekula ez nintzela jarri pentsatzen zer zen arrakasta, eta horregatik, niretzat ere bidai bat izan da hau. Puntu batetik abiatu nintzen, baina batak eta besteak kontatutakotik eta han eta hemen irakurritakotik, ni neu asebeteko nauen definizio bat osatzen saiatu naiz. Jabetu naiz bizitzako etaparen, adinaren eta unean-uneko helburu eta ametsen arabera aldatuz doala arrakasta, eta lortu arren, ez dela betirako. Etengabe landu behar den zerbait da. Ez dut uste arrakasta lortzeko formula magikorik dagoenik, baina bai hiru zutabe ezinbestekok eusten dutela: autoezagutzak, aliantzek eta borondateak. Arrakasta ezagutzeko garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren gure desioak eta ametsak, jakitea zerk ilusionatzen gaituen eta zerk ematen digun min, eta jakitea, baita ere, zeintzuk diren gure gaitasunak eta mugak. Erreferenteak izatea eta ingurukoen babesa sentitzea ere garrantzitsua da, inportantea zaigulako esaten diguten hori, guri buruzko diskurtsoa eraikitzeko. Eta borondatea da hirugarren zutabea; daukagun horrekin, ekitea erabakitzea edo ez. Kanpoko arrakasta eta barrukoa bereizten ditut nik bestalde. Kanpokoa da kuantifikatu daitekeena, izan zenbat liburu saldu dituzun edo beste edozer, eta barrukoa da norbere ongizateari lotutakoa. Norbere buruarekin gustura egotea da niretzat arrakasta, eta beharbada, horixe da hemen lortzen zailena.

 • "Zerrendak egin eta zerrendatik asmoak ezabatzea ere bada lorpen bat. Ezabatzea helburuak bete dituzulako, eta lortu ez arren, saiatu zarelako". Gustura gelditu al zara emaitzarekin?
Oso pozik nago. Batetik, nire lehenengo saiakera delako eta erronka bat izan delako idaztea, eta bestetik, protagonistekin elkartzeak balio izan didalako ikusteko beste batzuek ere izan dituztela nik bizi izan ditudan zauriak, minak edo segurtasun faltak, eta balio izan didalako ikusteko ez nagoela bakarrik. Liburu hau idazten hasi nintzenean baino lasaiago nago orain nire izanarekin. Horrekin ez dut esan nahi liburu hau salbazioa izan denik niretzat, baina bai lagungarria izan zaidala besteen barne-mundu hori ezagutzea nik neuk nire burua hobeto ezagutzeko.

 

2023 11 08 arrakasta jasone osoro pitxintxun BARREN atz

2023 11 08 arrakasta jasone osoro pitxintxun BARREN 2

2023 11 08 arrakasta jasone osoro maiteremen pitxintxun BARREN

2023 11 07 arrakasta saiakera aurk pitx maite