Janari bilketarako boluntarioak behar dituzte Udalak eta Gurutze Gorriak

Barren.eus 2023ko aza. 13a, 16:38

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak udazkeneko janari bilketa egingo du Elgoibarren azaroaren 24an eta 25ean, eta bilketa egin ahal izateko boluntarioak beha dituzte.

Gurutze Gorriak eta Elgoibarko Udalak herritarrei dei egin diete bilketan laguntzeko, eta izena emandako jende kopuruaren arabera antolatuko dituzte txandak. Interesatuek lehenbailehen jakinarazi beharko dute 943 741 050 telefonora deituz edo Herritarren Arretarako Zerbitzura joanez (Santa Ana 2, behea).

Boluntarioen laguntza "ezinbestekoa" dela ohartarazi dute; "izan ere kanpainaren arrakasta hertsiki lotuta dago saltoki eta ordutegi guztiei aurre egin ahal izateko behar diren boluntarioen kopuruarekin". Horretaz gain, pertsonen prestutasunak kanpainaren gestioa erraztuko duela gaineratu dute.

OHARRAK:

  1. Boluntarioen eginbeharrak: Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei elikagaiak nola eman behar duten azalduko diete eta laguntza- bonuen inguruko informazioa ere emango diete heritarrei, nahi duenak supermerkatuko kutxan dohaintza egiteko aukeraren berri izan dezan.
  2. 2023. urte honetan, jasoketa sistema mixtoa (elikagaiak eta bonoak) izango da Elgoibarko BM eta Eroski supermerkatuetan.
  3. Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek balioetan hezteko helburuarekin.
  4. Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, ezinbestean, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.

2023 11 13 janari bilketa elgoibar boluntarioak BARREN 1