Irakurzaletasuna sustatzeko ekitaldi sorta antolatu du Gotzon Garate liburutegiak

Barren.eus 2023ko aza. 14a, 08:58

Gotzon Garate Udal Liburutegiak ekitaldiz jositako hilabetea hasiko du gaur, Peru Magdalena ipuin kontalariak emango duen saioarekin.

"Nire potxolina maitea" ipuin kontaketa egingo du Magdalenak, 17:00etatik aurrera, 'Paperezko hegoak' ekimenaren barruan.

Azaroaren 15etik 21era bitartean, Galtzagorrik antolatutako "Aliziaren burutazio miresgarriak" jolas literarioekin Liburutegia barrez eta
sormenez beteko da. Jolas horiek LH4 eta LH5eko haurrentzat diseinatuta daude bereziki, eta eskola-orduetan egingo dituzte.
Azaroaren 21ean Annie Funny narratzaileak zuzendutako "Short stories" ipuin saioen txanda izango da. 17:00etan LH1eko haurrentzat izango da,
eta 17:30ean LH2 eta LH3koentzat. Interesa dutenek Liburutegian eman dezakete izena, ingelesezko ipuinen magian parte hartu eta murgiltzeko.

Azaroaren 22an, 19:00etan, euskarazko literaturazaleek helduentzako ipuin saioaz gozatzeko aukera izango dute, Dorleta Kortazarrek aurkeztuta, "80 amandre" saioan.
Azkenik, azaroaren 29an, 19:00etan, Gotzon Garate Udal Liburutegiak "2023 Euskadi Saria" jaso duen Arantza Urretabizkaiaren bisita hartuko du.
Urretabizkaiak emango duen solasaldian bere esperientzia eta "Azken Etxea" liburuaren nondiknorakoak partekatuko ditu. Hitzaldia ikusteko plazak mugatuak direnez, aurrez izena eman behar dela azaldu dute liburutegitik.