Edukiontzi urdin eta hori berriak ez daude erabilgarri abenduaren 1era arte

Barren.eus 2023ko aza. 14a, 10:10

Edukiontzi berrietan argi adierazten da zerbitzuz kanpo daudela, baina Mankomunitatekoek atzeman dute herritarrak dagoeneko edukiontzi hauek erabiltzen hasiak direla eta gogorarazi diete zerbitzuz kanpo daudela abenduaren 1era arte. Are, azpimarratu dute haietan lagatzen diren hondakinak ezin izango dituztela abenduaren 1era arte jaso, zerbitzu berria orduan jarriko dutelako martxan.

465 edukiontzi aldatu ditu Mankomunitateak. Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak botatzea errazten du. Adierazi dutenez, zerbitzua erosoagoa egitea bilatu dute aldaketa honekin, eta bide batez, hondakinak biltzen ari direnen lana erraztea, azkarrago jasotzeko aukera emango baitute. Prezero enpresak emango du zerbitzua, zeinarekin Mankomunitateak zortzi urterako kontratua sinatu duen, gehienez 8.153.675 euroko aurrekontuarekin. Gehienez zehazten dute, enpresak kobratuko duen zenbatekoa aldakorra izango baita, jasoko dituzten eukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuan papera, kartoiak, ontzi arinak eta pilak batzea hartzen du kontuan, bai eta edukiontziak garbitzea ere.