Altzolako tren geltokia mantentzearen aldeko adierazpen instituzionala nahi du Altzolan Geltokia Bai! plataformak

Barren.eus 2023ko aza. 14a, 12:35

Oharrean nabarmendu dute Altzola Birgaitze Integraleko Eremu izendatua dagoela, eta beraz, hango bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko ekintza-planean jasotakoa betetzea dagokiela erakundeei. "Elgoibarko herrigunetik kanpora dagoen auzoa da, Mendaro eta Elgoibar artean kokatuta dagoena eta garraio publikoarekiko mendekotasun handia duena. Trenik gabe, auzotik herrigunera eta herrigunetik auzora iristea zailtzen da, pertsonen joan-etorria gutxitu, auzoa are gehiago isolatu eta auzoaren garapen ekonomiko eta sozialari egiten zaio kalte", jaso dute oharrean. Era berean azpimarratu dute tren geltokia kentzea Euskadi Bultzatu 2050 Hiri Agendan jasotakoaren kontra egitea litzatekeela, bai eta Tren eta tranbia bidezko Trenbideko Euskadi 20-20 Planaren kontra egitea ere. "Auzoa biziberritzeko eta suspertzeko politiken aurka doa geltokia kentzea, trena alternatiba erreala delako".