Inesa Gaxen umeentzako liburu ilustratua aurkeztu du Olaia Irigoien elgoibartarrak

Barren.eus 2023ko aza. 15a, 16:02

Olaia Irigoien elgoibartarrak Inesa Gaxen liburu ilustratuaren euskarazko bertsioa aurkeztu zuen zapatuan, Lilan. Itzulpengintza ikasi du Irigoienek Bartzelonan, eta ikasketa amaierako proiektu bezala hasi zen idazten. Adapta argitaletxearekin kaleratu du liburua. 

 

Olaia Irigoien elgoibartarrak Inesa Gaxen liburu ilustratuaren euskarazko bertsioa aurkeztu zuen zapatuan, Lilan. Adapta argitaletxearekin kaleratu du liburua. Urte hasieran  gaztelaniaz argitaratu zuen, eta orain euskarazko bertsioa eman du argitara. Aurkezpen ekitaldian Uxue Alberdi idazle eta kazetaria izan zuen lagun Irigoienek. Inesa Gaxenek lotu ditu bi idazleak, izan ere, Uxue Alberdik idatzitako letrekin kanta bat sortu zuen Eñaut Elorrietak, eta kanta hori izan zen liburuaren abiapuntua. 6-8 urteko umeentzako liburua da, eta Inesa Gaxenen bizitza jasotzen du. Inesa Gaxen Behenafarroan jaio zen XVI. mendean eta sorgintzat hartu zuten. Bordeleko parlamentuan epaitu zuten 18 urte zituela; baina, frogarik ez zutelarik, libre utzi zuten. Bidasoaz bestaldera igaro, eta Irunen bizi izan zen hogei urtez, eta gero beste zazpi urtez Hondarribian. 1611. urtean, haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu zuten berriro, baina hasieratik bukaeraraino ukatu zituen Inesa Gaxenek salaketa guztiak, era guztietako presio eta torturak jasan behar izan bazituen ere.  Sorgin ehizaz eta emakumeek historian zehar izandako jazarpenaz jardun zuten besteak beste ekitaldian. Liburu honekin batera, Sancho Panzaren abenturei buruzko beste bat ere kaleratu berri du Irigoienek, momentuz gaztelaniaz. Bi liburuak Pitxintxun daude salgai.

2023 11 15 Inesa2

 

2023 11 15 Inesa3