Astelehenean zabalduko dute Udal Ludoteka berria, Bolatokiko parkean

Barren.eus 2023ko aza. 16a, 09:45

Azaroaren 20an, Ume eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean, inauguratuko dute Bolatokiko parkeko Udal Ludoteka berria. 174 metro koadro ditu lokal berriak, eta hainbat gunetan bereiztuta dago. Inaugurazio ekitaldia 17:00etan hasiko da, eta festa giroan egingo dute. 

Ludoteka berria eraikitzeko obrak 2022ko martxoan hasi ziren, eta Construcciones Aplibur S.L. enpresari esleitu zitzaizkion. Hala ere, lokalari berari eragiten zioten erkidego-beharrengatik obra geldiarazi behar izan ondoren, enpresak obrarekin ez jarraitzea erabaki zuen, lokalaren %51 osatu ondoren. Egoera horren aurrean, Udalak gainerako lanak lizitatzea erabaki zuen, proiektuaren amaiera bermatzeko, eta Goki Erreformak enpresak amaitu ditu.

Zenbait hilabeteko atzerapena izan du, beraz, ludoteka berriaren proiektuak, baina dena prest dago martxan hasteko. Astelehenean zabalduko dute, hain justu ere, Ume eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean. Ludoteka zerbitzua HH5etik LH6ra bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta bere garapen fisikoarekin, mentalarekin eta sozialarekin konprometitutako hezitzaile profesionalen talde bat izango du.  Ludoteka berria San Inazio kaleko 9. zenbakian dago, Bolatokiko Parkean. 173,79 m²-ko azalera du, eta hainbat gune eskaintzen ditu, hala nola topagunea, sukalde-tailerra, hezitzaileentzako bulegoa, komunak eta biltegia. Zerbitzua, aurrerantzean, doakoa izango da herritar guztien aukera berdintasuna bermatzeko. Udal arduradunen ustez leku estrategikoan kokatuta dago ludoteka berria. Ibilgailuen zirkulaziorik gabeko oinezkoentzako gune batean dago, eta horrek aire zabaleko jarduerak egitea ahalbidetzen du, klimak ahalbidetzen duen neurrian. Kokapen berri honekin, Udalak espazioa dinamizatu eta ludoteka udalerriaren erdigunera hurbildu nahi izan du, herritar guztientzat irisgarria izan dadin. Zerbitzua “Zehar” Heziketa eta Programak-ek kudeatuko du orain artean bezala.

Inaugurazioa 17:00etan

17:00etan hasiko da inaugurazio ekitaldia, eta festa giroan egingo dute. Umeentzako Kaktus DJaren emanaldiarekin hasiko da festa, eta 18:00etan egingo dute inaugurazio ofiziala. Ondoren, ludoteka bisitatzeko aukera izango dute familiek eta luntxa egongo da. 

2023 11 16 ludoteka2

2023 11 16 ludoteka3

Gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioari buruzko hitzaldia azaroaren 21ean


Ludoteka irekitzeaz gain, Elgoibarko Udalak doako hitzaldi bat antolatu du azaroaren 21erako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren TREBA Gurasoak prestakuntza-ekimenaren parte gisa.  "Komunikazioa familian. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzea" izena jarri diote hitzaldiari, Leyre Canok emango du eta haurren gurasoei zuzenduta dago. Ludotekan egingo da, Bolatokiko parkean, 18:00etan. Interesa dutenek izena eman dezakete gazteria@elgoibar.eus helbidera idatzita edo 943 741050 telefonora deituta (Gazteria Saila).

TREBA Gurasoak prestakuntza-ekimenak haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz. Prozesu horretan, guraso guztiek behar dute laguntza uneren batean, eta eskaintza pedagogiko horrek gurasotasun positiboa eta familiako kide guztien garapena sustatzen ditu.
Udalak antolatzen du, Foru Aldundiarekin eta haurren eta nerabeen hezkuntzan parte hartzen duten tokiko eragileekin lankidetzan, gurasoen iritziak, Hezkuntza Mahaian identifikatutako beharrak eta gurasoen elkarteen parte-hartzea koordinatuz. Gainera, Gizarte Zerbitzuen prebentziorako gurasoentzako prestakuntza-programarekin lerrokatzen da.