Elgoibarko dantza sistemaren bilakaera aztertuko dute bihar Mikel Sarriegi dantzari eta ikertzailearekin

Barren.eus 2023ko aza. 17a, 10:18

Haritz dantza taldearen 50. urteurreneko ekintzen barruan mintegi bat antolatu dute biharko. Mikel Sarriegi dantzari eta ikertzailearen eskutik, Elgoibarko dantza sistema aztertuko dute. 10:00etan izango da saioa, Kultur Etxean. 

 

Zer dantzatzen da Elgoibarren? Elgoibarko dantza-sistemaren bilakaera Gipuzkoako dantza eskolaren testuinguruan izenburuko mintegia antolatu dute Dantzan elkarteak eta Haritz Dantza Taldeak, biharko. Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, doan, 10:00etatik 13:00etara. Antolatzaileek, baina, izena emateko eskatu dute, dantzan.eus webgunean. Mikel Sarriegik (Beasain 1965) gidatuko du saioa, Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko dantzari eta ikertzailea denak. 

Gipuzkoako dantza sistemaren inguruko lan sakona egin du Mikel Sarriegik, eta ikerketa lan horretarako Elgoibarko hainbat dantzari ere elkarrizketatu ditu, tartean, Peli Uriguen, Iñaki gorostiza, Mauxitxa, Ion Arrieta, Iñaki gil eta Sebas Larrañaga. Biharko saioan ikerketa lan hori aurkeztuko du. Elgoibarko dantza-sistemaren bilakaerari erreparatuko dio Sarriegik Gipuzkoako dantza-eskolaren testuinguruan. Lehendabizi, Gipuzkoa osoko dantza-maisuek gorde duten eta hain ezaguna ez den Iztuetaren oinordetza horren ezaugarri nagusienak aurkeztuko ditu. Ondoren, joan den mendean Elgoibarren ezagutu zen dantza-sistema, aurreko horren testuinguruan nola kokatzen den azalduko du, eta modu praktikoan erakutsiko du, elgoibartar dantzari ohien laguntzarekin.