Debabarrena eskualdea suspertzeko Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak talde parlamentarioek aurkeztutako legez besteko proposamen batean du oinarria ponentziak. Ekimen hura 2021eko urriaren 7an eztabaidatu zuten Eusko Legebiltzarrean eta EA-NV, EH Bildu eta SV-ES talde parlamentarioek sinatutako erdibideko zuzenketa bat onetsi zuten gero. Testu hartan hiru puntu jaso zituzten: Debabarrenako eskualdea eta hura osatzen duten udalerriak suspertzeko ponetzia eratzea, eskualdearen premiei buruzko hausnarketa egitea Jaurlaritzaren, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien, udalen, eragile sindikal eta enpresarialen, eta arlo soziologikoko eta ekonomikokoko adituen ekarpenak jasota, eta azkenik, eskualdea suspertzeko plan estrategikoa diseinatzeko irizpideak adostea. Proposamen horretan jaso zuten plan hori prozesu partehartzaile bidez garatuko zutela eta Debegesa garapen-agentziaren gidaritzapean. 2021eko azaroaren 9an eratu zuten ponentzia eta askotariko eragileen arteko lankidetzan osatu dute bi urte hauetan atzo Eusko Legebiltzarrean aho batez onartu zuten txostena.
- Eskualdeko eraikinen aitzinatasuna dela-eta (EAEko bataz bestekoa baino handiagoa da), degradatutako auzoen berroneratze integralaren alde egitea, irisgarriagoak eta energetikoki eraginkorragoak izan daitezen.
- Biztanleria zahartu egin da eta ez dago belaunaldi-erreleborik eskualdearen bereizgarri izan diren kualifikazio espezifikoetan. Horregatik, prestakuntza duala sustatuko duten neurriak bultzatu beharra jaso dute, eskualdean errotuta dauden zenbait lanbidek biziraun dezaten, besteak beste armagintzak eta damaskinatugintzak.
- Unibertsitate-campus bat eta Lanbide Heziketaren arloan erreferenteak diren zentroak izanda, ezinbestekoa ikusten dute profil jakin batzuetako prestakuntzaren alde egiten jarraitzea, hain justu ere enpresei eskualdean egonkortuko den talentua eta espezializazioa erakartzeko aukera emango dieten profiletako prestakuntzaren alde.
- Nazioartekotzearen, digitalizazioaren, dibertsifikazioaren eta ekintzailetzaren alde egitea, bai eta 4.0 industriaren alde egitea ere. Produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzeko balio erantsia ematen duten eskualdeko enpresen arteko lankidetza sustatzea, bai eta ezagutza trukatzeko foroak eta lekuak ere, lankidetzan aritu daitezen eragile ezberdinak.
- Eskualdeko enpresen berrikuntza-prozesuak bultzatzea eta bizkortzea, batez ere trantsizio digitalari eta ekologikoari dagokionez, enpresa-ehuna indartuko duten inbertsio berriak erakarriz. Industria-gune zaharkituak eta lagatako enpresa-guneak eraberritu eta haien berrerabilera lehenesteko aukerak ebaluatzea, lurzoru industrial berria okupatu aurretik, eta lehendik dauden industrialdeetako sarbide eta azpiegituretan hobekuntzak egitea. Eta, industrialde horietara iristeko garraio publikoa bultzatzea.
- Ermua-Deba tranbia zerbitzuaren maiztasuna hobetzea.
- Maltzagan nodo bat eraikitzea (Tren geltokia berreskuratzea, autobus-geltoki batekin eta autoentzat zein bizikletentzat aparkalekuak egokitzea)
- Zumaia-Donostia tren-zerbitzua Deba-Donostia bihurtzea.
- Mutriku, Itziar, Mallabia eta Soraluze anezka bitartez gerturatzea, tranbiaren hezurduratik kanpo eratuko liratekeelako.
- Industria-guneetarako garraio-zerbitzua nola hobetu daitekeen aztertzea.
- Etorkinen integrazioa bermatzeko, enplegagarritasun eta prestakuntza programak garatzea.
- Gizarte-kohesiorako eta etxebizitza sozialetarako plana garatzea, mendekotasun-egoeran daudenek errazago lor ditzaten egoitza-baliabideak; gizarte-proiektuetarako etxebizitzen lagapena gaitzea; eta eguneko zentroaren eta desgaitasun intelektuala dutenentzako etxebizitzaren proiektua garatzea.
- Turismo industriala eta kulturala bultzatzea, eskualdean badirelako gutxi bisitatzen diren baliabide turistikoak sustatzea; tartean Makina Erremintaren Museoa, Armagintzaren Museoa eta Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa.
- Eskualdeko turismoak duen potentzialtasunari buruzko azterketa egitea, eta museo-ondare industriala eta naturguneak balioestea, turismo jasangarria sustatzeko.
- Akuikultura sustatzea.
- Jakinda eskualdea distantzia berera dagoela probintzia-hiriburuetatik, eta zenbait udalerriren kokalekuari eta egoera urbanistiko eta orografikoari buruzko datuak kontuan hartuta, beharrezkotzat jo dute mugikortasunaren arlo honetan berariazko jarduketak egiteko aukera aztertzea.
- Tokiko merkataritza sustatzea, bertan kontsumitzea erakargarri egingo duten estrategiak bultzatuz. Lehenengo sektorearen eta nekazaritzaren zein baserri txikien garapena bultzatzeko aukerak aztertzea