7 urte zituela hasi zen musika ikasten, eta ordutik, bere bizitzaren parte garrantzitsuenetarikoa da musika. Aita musikaria zuen, eta hark sartu zuen musika eskolan bere herrian, Villacarrillon. Solfeoko irakasleak esan zion herriko musika bandarako jendea behar zutela, eta klarinetea jotzen ikasteko. Pare bat urtez jaso zituen solfeo eta klarinete eskolak, eta bere herriko bandan jotzen hasi zen. 16 urte zituela iritsi zen Elgoibarrera, eta berehala sartu zen txarangan eta musika bandan. Musikaren transmisioak ez du etenik izan Zapata familian, eta Pedroren hiru seme-alabak ere musikariak dira.
• Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Aita musikaria nuen. Klarinetea eta perkusioa jotzen zituen, eta herriko musika bandako kidea ere bazen. 7 urte bete nituenean solfeo ikasi behar nuela esan zidan, egun batetik bestera. Nik ez nekien solfeoa zer zen ere, baina aitaren esanari ezin ba ezetzik esan! Solfeoko irakasleak klarinete eskolak ere ematen zituen, eta bera zen bandako zuzendaria ere. Hortaz, bandaren beharren arabera esaten zion ume bakoitzari zein instrumentu jo behar zuen. Niri klarinetea jo behar nuela esan zidan. Gaur egun instrumentua aukeratu aurretik instrumentu desberdinak probatzeko aukera izaten dute umeek, baina nik ez nuen horrelakorik eduki. 8 urterekin eman zidaten klarinetea lehenengo aldiz, eta 9 urterekin hasi nintzen banda gaztean jotzen. Herriz herri hasi ginen jotzen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Hasieran solfeoa ikastea astuna egiten da, baina kontzertuak ematea oso polita da.
• Nola iritsi zinen Elgoibarrera?
Lanbide Heziketako ikasketak bukatu nituenean hartu nuen Elgoibarrerako bidea. Tornurako ikasketak egin nituen, eta konturatu nintzen nire herrian ez zegoela sektore orretan lanik. Nire osaba Elgoibarren bizi zen ordurako, nire aitaren anaia, eta hari esan nion ea enpresaren bat aurkituko zidan, praktikak egiteko edo ofizioa ikasteko. Handik egun gutxira deitu zidan osabak, enpresa batean montajerako gazte baten bila ari zirela esanez. 16 urte nituen iritsi nintzenean. Uztaila zen, eta nire asmoa udan lan egin eta berriz etxera itzultzea zen, ikasten jarraitzeko beka bat eman zidatelako. Baina enpresak irailetik aurrera lan-kontratua eskaini zidan, eta hemen geratzea erabaki nuen. Gurasoak ez ziren nitaz fidatzen, eta bila etorri zitzaizkidan bekaren papelak eskuan hartuta, baina nik oso argi neukan lanean hasi nahi nuela. Bekari nik neuk uko egin behar niola esan zidan aitak. Telefonoz deitu nion idazkariari eta hark ere joateko esaten zidan, baina gogor eutsi nion erabakiari. Mekako idazkariaren bitartez egin nion uko bekari, eta lanean hasi nintzen.
• Eta, nola sartu zinen Elgoibarko Udal Musika Bandan?
Elgoibarrera iritsi eta astebetera sartu nintzen bandan. Uztailaren 11n etorri nintzen, eta uztailaren 25ean eman nuen lehenengo kontzertua bandarekin. Osabak herria ezagutzera eraman ninduen eta Juan Motarekin topo egin genuen. Mota gure herrikoa zen, nire aitaren laguna, eta bandako kidea. Nire aita ere garai batean hemen ibili zen lanean, baina gero itzuli egin zen. Mota hemen geratu zen, San Pedroko fabrikan. Nik ez nuen ezagutzen, baina osabarekin nindoala egin genuen topo eta aitari buruz galdetu zidan. Galdetu zidan ea ni ere aita moduan musikaria nintzen, eta baietz erantzun nion, klarinetea jotzen nuela. Bandan joko ote nuen galdetu zidan, jendea behar zutelako eta baietz erantzun nion. Garai hartan jende asko etortzen zen hona lanera kanpotik. Autopista egiten ari ziren orduan, eta lanak Elgoibarren ziren bitartean, musikariak zirenek bandan jotzen zuten, baina autopistarekin batera lekualdatzen ziren langileak, eta musikarien etengabeko joan-etorria egoten zen bandan. Musikari finkoak behar zituzten bandan eta probatzera joateko esan zidaten. Entsegu batera joan nintzen, eta gaur arte.
• 50 urte pasatu dira. Erraz esaten da, baina badira urteak.
Bai, niretzako ohore bat da hainbeste urtez musika bandako kidea izatea. Oso erraza izan da honaino iristea. Bandako jendea oso jatorra da, jende ona da, eta oso ondo konpontzen gara. Lau zuzendari ezagutu ditut nire ibilbidean: Jose Zubiaurre Balle, Jose Antonio Osoro Katxo, Txomin Mujika, eta orain, Gorka Mujika. Denekin primeran moldatu izan naiz, eta oso gustura nago bandan. 50 urte bete ditut, baina momentuz ez daukat erretiroa hartzeko asmorik. Oso gustura nago, eta ahal dudan bitartean bandan segitzeko asmoa daukat.
• Mauxitxa txarangan ere ibili zinen, saxofoia jotzen.
Bai, 1976tik 2000. urtera arte ibili nintzen txarangan. 2000. urtean esan nion Mauxitxari ez neukala jada txarangan jotzeko adinik, eta laga egingo nuela. 24 urte egin nituen txarangan, eta 25. urteurrena bete arte geratzeko eskatu zidan Mauxitxak, baina ezetz esan nion. Ordurako jende gazte pila bat ari zen txarangan jotzen, eta nik 44 urte nituen! Txaranga gehiago da parranda girorako, eta iruditu zitzaidan lagatzeko unea iritsi zitzaidala. 1976an klarinetea jotzen hasi nintzen txarangan. 77-78 urteetan soldaduska egitea tokatu zitzaidan, Jakan (Aragoi, Espainia), eta han ikasi nuen saxofoia jotzen. Zereginak banatzerakoan bakoitzak zer egiten genekien galdetzen ziguten. Han zegoen beterano batek esan zidan ez esateko mekanikaria nintzela, bestela, soldaduska guztia auto azpian pasatu beharko nuela kapitain, teniente edo sargento guztien autoak konpontzen, eta ez zela oso atsegina izango. Musika atala ere bazegoela ikusi nuen, eta musikaria nintzela esan nuen. Klarinetea jotzen nuela esan nien, eta atera zuten armairu zahar batetik klarinete zahar bat. Eskala bat jotzeko eskatu zidaten, eta balekotzat eman zuten. Bilboko tipo batek ere esan zuen musikaria zela; baxua jotzen zuela. Ekarri zioten bandako baxua, eta ezetz, berak baxua baina gitarra estilokoa jotzen zuela. Errieta egin eta bidali egin zuten! Militarrak ez ziren txantxetan ibiltzen. Azkenean, baina, deitu egin zioten hari ere. Bonboa jotzeko jendea behar zuten eta pentsatu zuten musikaz jakinda, bonboaren erritmora jotzeko gai izango zela eta azkenean bandan sartu zen bilbotarra ere. Militarrak etxera joaten zirenean, han uzten zituzten instrumentuak, eta han zebilen sargento jator bati galdetu nion ea saxofoia jotzeko baimena ematen zidan. Liburuxka bat ekarri zidan eta nire kabuz ikasi nuen. Klarinetea jotzen jakinda, erraza da saxofoia ikastea. Soldaduskatik itzuli nintzenean saxofoia jotzen hasi nintzen txarangan.
• Zer da zuretzako musika?
Sentimendu bat da, bizitzeko modu bat. Niri asko eman dit musikak. Aste osoa lanean eman ondoren, entseguetara joan eta kontzertuak ematea niretzako gozamena da, deskonektatzeko modu bat. Zaletasuna da; bestela nire lana daukat, baina nire bizitzako parte inportantea da, dudarik gabe. Ordu asko eskaini dizkiot, baina sekula ez zait astuna egin; guztiz kontrakoa. Gustura egoten naiz instrumentua jotzen. 67 urte dauzkat eta oraindik lanean ari naiz. Enpresa propioa daukat, eta espero dut laster jubilatu ahal izatea, baina erreleboa lotu beharra dago. Seme batek nirekin egiten du lan, baina nire makinan lan egiteko beste gazte bat formatzen ari gara orain. Beste batentzat lan egiten zuten lagun gehienak jubilatuta daude, baina ni oraindik ez. Gustura egiten dut lan, lana gustatzen zaidalako, eta osasun aldetik ondo sentitzen naiz. Baina lan kontuak apur bat ahazteko musikak asko laguntzen dit. Instrumentua jotzen dudanean horretan zentratzen naiz; burua melodiari eskaintzen diot eta ez dut beste ezertan pentsatzen. Bi pisuko garajea daukagu, eta goiko aldea entseguetarako prestatuta daukagu. Nire semea ere han ibiltzen da, bere grabazioak egiten. Itziarren Semeak musika taldean jotzen du, eta etxeko grabazioak bidaltzen dizkie taldekideei.
• Elgoibarren musikarako zaletasun handia dago.
Zer sentitzen duzu kontzertuak ematerakoan? Antzokia edo plaza jendez gainezka ikustea izugarria da. Aurtengo Queen gaua sekulakoa izan zen, eta datorren urterako prestatzen ari garena ere ez da gutxiago izango. Elgoibar herri musikaria da eta musikarako zaletasun handia dago. Zaletasunaz gain, talentua ere badago, eta oso musikari onak daude. Aurten Santa Zezilia Eguneko kontzertua zapatuan emango dugu eta berezia izango da. Niretzako, musikari moduan, Santa Zezilia Eguna izaten da urteko onena. Eguraldiak laguntzen badu, goizean kalejira egiten dugu, gero kontzertua eman eta horren ostean denok batera joaten gara bazkaltzera. San Bartolome Eguna ere gustatzen zait, eta Herriko Antzokian ematen ditugun hileroko kontzertuetan ere asko gozatzen dut. Txomin Mujikak egiten dituen aurkezpenak sekulakoak dira, eta publikoa poltsikoan sartzen du beti. Artista bat da. Gaztetan erromerietan ere jotzen nuen musika talde batekin, eta tokatu izan zitzaidan lau katuren aurrean jotzea. Hori bai zela tristea! Beraiek "beste bat" eskatzen zuten, baina hain jende gutxiren aurrean jotzea asko kostatzen zitzaidan.
Familia musikaria
Ramon Zapata zuen aita Pedrok, eta hura ere musikaria zen. Klarinetea jotzen zuen lehenik, eta gerora, perkusioa ere bai. Villacarrillo (Jaen, Espainia) herriko bandako kidea zen, baina 60ko hamarkadan Udal Gastuak murriztu behar zirela erabaki zuen Francok dekretuz, eta Villacarrilloko musika banda desegin egin zen. "Ez zuten asko kobratzen, baina gizarte segurantzan asegurua zeukaten eta Udalarentzat gastua zen", gogoratu du Pedrok. Une hartan gazteen banda sortu zuten, eta han hasi zen Pedro Zapata klarinetea jotzen. 16 urte zituela iritsi zen Elgoibarrera, eta aitaren ezagun baten bitartez ezagutu zuen Jose Zubiaurre Balle, ordu hartan Elgoibarko Udal Musika Bandako zuzendaria zena. Musikariak behar zituzten, eta Pedro Zapata taldean sartu zen. 50 urte pasatu dira ordutik. Aitarengandik jaso zuen berak musikarako zaletasuna, eta berak ere seme-alabei zaletasun bera transmititu die. Hiru seme- alaba ditu, eta hirurak musikariak dira. Ainhoa da zaharrena, eta akordeoia jotzen du. "Instrumentuak probatu zituenean esan zigun Ainhoak soinua jo nahi zuela. Erretxindin bizi gara eta esan nion 25 kiloko soinua gora eta behera ibiltzea ez zela erraza izango, baina alaba burugogorra da, eta argi esan zigun akordeoia izan ezean, ez zuela besterik joko". Ivanek eta Ikerrek klarinetea aukeratu zuten, aitak bezala eta Elgoibarko Udal Musika Bandan jotzen dute biek aitarekin. Ivanek saxofoia ere jotzen du txarangan eta Itziarren Semeak musika taldean. Bandan klarinetea jotzen du, txarangan saxofoi altua eta Itziarren Semeak taldean saxofoi tenorea. Zapatatarrenean oso presente dago musika, eta ama ere ezin zen soinu banda horretatik kanpora geratu. Danborradako kidea da Paqui Ferrero. Ezbairik gabe, familia musikaria osatzen dute.