Gurrutxagak Gaztelupeko Hotsak disketxetik jaso zuen Rory Gallagher blues izarrari buruzko liburua idazteko proposamena, eta modu pertsonalean idatzitako euskarazko biografiak argitaratzen dituen Bosgarren Haria liburu sailean argitaratu zuten "Rory Gallagher, kemena eta leialtasuna" izeneko liburua, 2006an.
Orain, liburuan jasotako pasarterik esanguratsuenak hizpide izango ditu Gurrutxagak Errabal Kultur Elkarteak antolatzen duen Blues Hotsak jaialdiaren barruan prestatu duten solasaldian.
- Azaroaren 22an, Santa Zezilia Egunean, izango da solasaldia, Soraluzeko Herri Antzokian. 19:30ean hasiko da eta doakoa izango da.
Musikari eta kazetari elgoibartarrak umetan entzun zituen estreinakoz Rory Gallagherren abestiak, "anaiaren binilo 'sakratuak' ezkutuan lapurtuta". Bere lehen liburua idazteko proposamena jaso zuenean, zalantza izpirik gabe, Londresera bidaiatu zuen, Gallagherren gertukoak elkarrizketatzeko asmotan. Donal Gallagher anai eta managerrak, Mark Feltham harmonika-jotzaileak, Tom O’Driscoll roadie-ak, eta Bill Wyman The Rolling Stones taldeko baxujoleak kontatutako bizipenetan oinarrituta idatzi zuen gero "Rory-ri bihotzez egindako omenaldia" den biografia.
Jon Gurrutxagak parte hartze berezia izan du aurtengo Blues Hotsak jaialdian, 'Belar Hostoak' emanaldiarekin hasi baitzen aurtengo edizioa joan den azaroaren 10ean.
Blues Hotsak jaialdiari buruzko informazio osoagoa HEMEN