BIDEOA: 2023ko Karakateko Igoera

Barren.eus 2023ko aza. 21a, 21:43

Aspaldiko jendetsuena izan den Karakateko Igoeraren laburpen-bideoa osatu dugu herritarren eta parte hartzaileen laguntzarekin.

Bidegurutzeak zaintzen egon zen Morkaikoren boluntario taldeak grabatutako irudiekin, Denis Saizek lasterketa barrutik hartutakoekin eta BARRENeko kamerek jasotakoarekin osatu dugu 29. Karakateko Igoeraren laburpen-bideoa.

 

Aurtengo Karakateko Igoera nolakoa izan den berba batean azaldu behar izanez gero, jendetsua izan daiteke egokienetako bat, bai parte hartzaile kopuruagatik eta baita Karakate gainean bildutako ikusleen kopuragatik ere.

100 mendi lasterkarik hartu dute parte igoeraren 29. aldian, kopuru borobila. 2014. urteko igoera izan zen parte hartzerik handiena eduki zuena, 119 lagunekin, eta harrezgero partaideen kopuruak ez du 90 lagunen langa gainditu: 67 (2022), 78 (2021), 56 (2019), 70 (2018), 70 (2017), 75 (2016), 88 (2015) eta 119 (2014). Eguraldia lagun, ikusleek ere ez zuten hutsik egin eta lagun ugari batu ziren azken metroetan, lasterkariei azken ahaleginean laguntzeko prest.

 • Unamuno eta Lendinez azkarrenak
Aritz Unamuno (Bergara, 2000) izan zen Kalegoengo frontoiko frontisetik abiatu eta tontorrera ailegatzen azkarrena –27'51''– . Unamunok duela lau urte hartu zuen parte Karakateko Igoeran estreinakoz, baina hurrengo edizioetan ez da etorri eta ibilbidea ez zuen akorduan, bergararrak Goiena-ri azaldu dion moduan. Kanpoan ari denez ikasten, ez du tarterik izan bertatik bertara probatzeko, eta sarean, online, topatu zuen bidea eta hor hartutako erreferentzia batzuk, aurretik zihoazenenak eta bidean korrikalariak animatzen zegoen jendea kontutan hartuta egin zuen tontorrera arteko bidea: "Igoera egiteko bide ohikoa dena egin dut, erreferentzia horiek hartuta. Oso gustura egin dut. Entrenatzen ibili naiz, ondo, indartsu nago eta mendian asfaltoan baino hobeto ibiltzen naizela jakinda, gustura egin dut, bai. Gainera, igoerak hobeto egiten ditut jaitsierak baino". Aurten lehiatu den azken proba zen berhararrarentzat. Igoera sei alditan irabazitakoa den Iñigo Lariz sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik 45 segundora eta Iñaki Goenaga plaentxiarra izan da hirugarrena 50 segundora. Emakumezkoetan Ainhoa Lendinez izan da txapelduna 35:48ko denbora eginda. Hirugarren garaipena da Lendinezentzat. Ales Berguari eman zioten aurpegi onenaren saria, eta Elisa Chiroquek irabazi zuen aurtengo sari berezia, hau da, irabazlearen denbora bikoitza egitea, baina denboratik pasatu gabe.

Ikus SAILKAPENAK -PDF-