Egokran taldeko judokek emaitza onak eskuratu dituzte Anaitasuna Txapelketan

Barren.eus 2023ko aza. 22a, 10:47

Euskal Herria, Katalunia, Gaztela eta Leon, Andorra eta Frantziako judokek parte hartu zuten, zapatuan, Iruñean jokatu zuten Anaitasuna I. Txapelketan.

Infantil eta kadete kategorietan diharduten judokentzako txapelketa zen Iruñeako Anaitasuna kiroldegian jokatu zutena. Elgoibarko Egokran Judo Taldeko hiru gaztetxok hartu zuten parte lehian eta emaitza onak eskuratu zituzten. Anartz Mora Cuadradok brontezko domina lortu zuen infantilen 46 kiloz azpiko mailan. Bost borrokaldi egin zituen eta bakarra galdu zuen, finalerdietako lehia. Finaletik kanpo gelditu ostean, hirugarren postua erabakitzeko borroka irabazi zuen Morak. Aner Taboada Sarmiento ere infantiletan lehiatu zen, 50 kilo baino gutxiagoko mailan. Jokatu zituen hiru borrokaldietatik bakarra irabazi zuen eta ezin izan zuen ligaxka fasea gainditu.

Azkenik, Oier Sorazu de la Flor kadeteen 73 kilo baino gutxiagoko mailan aritu zen. Ligaxkan aurrera egin eta final-zortzirenetako kanporaketa galdu zuen arren, errepeskan brontezko domina irabaztea lortu zuen. Hala, brontzezko bi domina eta nazioarteko txapelketa batean lehitzeak ematen duen esperientziarekin itzuli dira etxera Egokran taldeko judoka gaztetxoak. 30 judo taldetako 200dik gora kirolari aritu ziren lehian Anaitasuna I. Txapelketan.

2023 11 21 judo anaitasuna txapelketa iruna oier sorazu 3