Jose Cruz Igartua elgoibartarra duela 50 urte egin zen apaiz, eta azaroaren 25ean ospatuko dute

Barren.eus 2023ko aza. 22a, 12:03

2017ko azaroaren 16an elgoibartar talde batek Jose Cruz Igartuaren hitzaldi batean parte hartu zuen, eta haren diskursoa ezagutu ostean erabaki zuten tarteka biltzea, hausnartzeko. Isiltasunaren Eskola sortu zuten, eta hamabostean behin biltzen dira taldean hausnartzeko.

Hilean behin Jose Cruz Igartua bera etortzen da Madrildik, eta berak gidatzen ditu saioak.

Isiltasunaren Eskolak sei urte bete berri ditu, beraz, eta sei urte horietan taldea handituz joan da. Gaur gaurkoz, 20-30 bat lagun biltzen dira meditazio espiritual saioetan. Igartuak ekainean bete zituen 50 urte apaiz egin zenetik, eta barikuan bere urtebetetzea da; 76 urte beteko ditu. Hori guztia kontuan hartuta, zapaturako, azaroaren 25erako, ospakizun eguna antolatu du Isiltasunaren Eskolak. Helburua Jose Cruz Igartuari eskerrak eman eta bere lanaren aitortza egitea da. Isiltasunaren Eskolatik esan dute pertsona ona, irekia, eta espirituala dela, "eliztiar ezohikoa" dela, eta sekulako ohorea dela herritarrentzat bere saioekin kontatu ahal izatea.
Zapatuko ospakizunak 11:00etan hasiko dira, meza berezi batekin, eta eguerdian bazkaria egingo dute Txarriduna jatetxean. Nahi duen orok hartu dezake parte, parrokiako sakristian izena emanda.
Isiltasunaren Eskolan parte hartzeko ere ateak zabalik dituzte herritarrek. Arduradunek azaldu dute beraiena ez dela plataforma erligiosoa, baizik eta errespetuan, maitasunean eta bereziki, askatasunean oinarritzen den hausnarketa taldea dela. Argi utzi dute Isiltasunaren Eskolan inori ez diotela galdetuko bertara joatearen arrazoia, eta inork ez daukala azalpenik eman beharrik.