Drangnag-ri mendian zabaldutako bide berria izango dute hizpide gaur, Morkaikoren udazkeneko mendi emanaldien barruan

Barren.eus 2023ko aza. 22a, 12:39

Morkaikoren udazkeneko mendi emanaldiak iritsi dira azkenera. Gaur izango da azken jardunaldia, eta bertan, Iñaki Arakistainek bere sokalagunekin (Alberto Fernandez, Joseba Larrañaga eta Mikel Zabalza) Nepaleko Drangnag-ri mendian bide berri bat irekitzean bizitakoak kontatuko ditu.

Nepalen eta Txinaren arteko mugan dago 6.081 metroko mendia, Rowaling haraneko Ripimo glaziarraren buruan, eta euskaldunona izan zen mendi honetara eginiko hirugarren igoera.
 • 'Taghia, eguzkiz blai' proiektua
Horrez gain, Taghia, eguzkiz blai proiektuaren berri ere emango du Iñaki Arakistain azkoitiarrak gaurko solasaldian. Aitzol Ibarzabal azpeitiarrak eta Arakistain berak martxan jarri duten proiektuaren helburua da Marokoko Taghia herrian eguzki panelak jartzea, hango bizilagunen beharrak asetzeko, besteak beste, herriko etxe guztietara ura iristea; eguzki panelekin energia sortu eta ura ponpatu nahi dute. Atlas garaian dagoen Thagia herriak ia 90 etxe eta laurehun biztanle inguru ditu, eta eskalatzaile ugari erakartzen ditu inguruetan dituen hormek.

  • 19:00etan izango da hitzaldia, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.

 

2023 11 22 Drangnag bidea zabaldu nepal

2023 11 22 Drangnag bidea zabaldu nepal paretean