Kirola eta mendia maite dituen Elgoibarko lagun talde batek sortu zuen Casa Astigarraga Trail Taldea, 2022ko urte amaieran, zaletasuna partekatzen zuten lagunentzako topagune izateko asmoarekin. Taldearen lehen urte honetan asko ikasi dutela eta "oso azkar hazi" direla azaldu dute. Talde bat baino gehiago, zaletasun bera partekatzen duten familia bat direla diote, eta taldekideen artean dagoen adiskidetasun harremana nabarmendu dute. Giro on hori lehietan ere igarri dela gaineratu dute, pozez eta garaipenez betetako lehen urte honetan. Eta, uste dute euren helburuetako bat ere bete dutela, taldea ezagutzera ematea, Euskal Herriko talde nabarmenen artean lekutxoa egin dutela-eta.
• 18 laguntzako lekua
Urtebetean batutako esperientzia guzti horiek hauspotuta, indarrez gainezka daude 2024ko denboraldi berriari ekiteko. Hasteko, itxurari erreparatu diote. Taldeak hasieratik izan dituen bi babesleen izenak batu eta CATT Morkaiko izango da taldearen izen berria aurrerantzean. Astigarraga kirol etxearen eta Morkaikoren batura, alegia. Izenarekin batera logotipo edo marka berria ere estreinatu dute. Horrez gain, taldera batzeko ateak zabalik dituztela jakinarazi dute. Hemezortzi lagunentzako lekua dute taldean eta interesdunek Instagram sare sozialean duten kontuaren bidez jarri beharko dute eurekin harremanetan, @cattmorkaiko kontuan, edota email bitartez cattmorkaiko@hotmail.com helbidera idatzita. "Eskaeren ordenari jarraituz, hurrengo denboraldirako informazio guztia agertzen den formulario bat bidaliz erantzungo diegu interesa agertzen dutenei, 18 lekuak bete arte", azaldu dute. Abenduaren 17ra arte eman daiteke izena. Modalitate guztietako korrikalariak animatu dituzte taldekide egitera, "ez dugu profil zehatz bat bilatzen, baina bereziki emakumeak animatu nahi ditugu taldera batzera, emakumeen parte hartzea bultzatu nahi baitugu emakumeentzako berariaz prestatu nahi ditugun proiektu oso interesgarriekin: talde entrenamenduak, hitzaldiak, eta antolatu nahi dugun lasterketa berezi batekin".
Hurrengo denboraldian EMF Euskadiko Txapelketako taldeen sailkapenean parte hartuko duen talde lehiakorra ere aurkeztu nahi dute, "Elgoibarren izena ahalik eta proba eta lasterketa guztietara eramateko".