Islabat taldeak euskarazko artista onenaren saria jaso du Rockein lehiaketan

Barren.eus 2023ko aza. 22a, 20:02

Rockein Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei zuzendutako musika-lehiaketa da. Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen laguntzarekin.

Zapatuan jokatu zuten lehiaketaren 11. ekitaldiko finala Basauriko Social Antzokian, eta 191 parte hartzailetatik sei talde iritsi ziren final horretara, haien artean, Elgoibarko Islabat. Rock intimista egiten duen Asier Olabarrieta, Jesus Jimenez, Aitzol Mujika eta Andoni Alonsoren taldeak euskarazko artistarik onenaren saria jaso zuen.

Sari honi esker, Jon Agirrezabala (WAS, Zabala) produktorearekin abesti bat grabatzeko aukera izango du rock intimista egiten duen Islabat taldeak, bai eta MAZ Basauriko jaialdian edo Bizkaiko aretorik onenetariko batean jotzeko aukera ere bai.
Lehiaketako sari nagusia Lova Lois astrabuduarrak irabazi zuen. Honek, sariari esker, EP profesional bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzekom aukera izango du Bilboko El Tigre estudioetan, EParen 500 kopia diseinatu eta editatzeko aukera ere irabazi du, CD euskarrian, bideoklip profesional bat grabatzeko aukerarekin, eta MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskaintzeko aukerarekin. Informazio osoagoa: geuria.eus toki komunikabidean

 • Kontzertua Youtuben
Rockein lehiaketako finala Rockeinen Youtube kanalean eman zuten zuzenean eta bertan ikusi daiteke osorik. Islabat taldearen emanaldia HEMEN.