Euskarazko ahotsak jasotzeko grabazioak egingo dituzte Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2023ko aza. 23a, 14:41

Adimen artifizialak euskaraz egin dezan, euskarazko ahotsak grabatzeko saioak antolatu dituzte abenduaren 1 eta 2rako, Mendaron eta Elgoibarren, Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak martxan jarri duten Gaitu kanpainaren barruan.

In Leike kultur elkartea arduratuko da abenduaren 1ean Mendaron grabazioak egiteaz, eta Elgoibarko Izarra eta Elgoibarko Udala daude Elgoibarren egingo duten grabazio saioaren atzean, beste hainbat eragilerekin elkarlanean.

  • Mendaron, jubilatuen lokalean egongo dira In Leike kultur elkartekoak ekimenean parte hartu nahi dutenei laguntzeko gertu, 17:00etatik 18:30ak bitartean, eta ondoren, kalez kaleko erromeria izango dute EinGO taldearekin, Udalak antolatuta.
  • Elgoibarren, berriz, Aita Agirre kulturgunean jarriko dute grabaziorako lekua abenduaren 2an,Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, 11:00etatik 13:30era, eta Brilet talde elgoibartarraren kontzertu akustikoarekin emango diote amaiera. Elgoibarko saioan parte hartzeko aurrez izena emateko eskatu dute kudeaketa@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzita edota 643 499 169 telefono zenbakira deituta. Ahots grabazioa egiteko prest dauden herritarrek euren gailua (sakelako telefonoa, ordenagailu eramangarria) eta aurikularrak eraman beharko dituzte. Helburua ahalik eta grabazio gehien egitea da. Izan ere, zenbat eta ahots-grabazio gehiago egin, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten euskarazko materiala.

2023 11 23 Brillet akustikoa

 • GAITU kanpaina
Egungo teknologiek idatzizko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituzte, eta euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, GAITU kanpaina jarri dute abian Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Euskatzaleon Topagunearen parte-hartzearekin, “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean.
Ekimen honetarako gaitu.eus webgunea sortu dute Gaituren sustatzaileek eta atari horretan sartuta bi eginkizun proposatzen dituzte: batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzea, eta bestetik, beste hiztun batek aurrez grabatutako esaldi bat entzun eta ontzat ematea.

2023 11 23 gaitu logoa eta leloa zuria