Indarkeria matxistaren kontrako oihuak hartuko du kalea

Barren.eus 2023ko aza. 24a, 12:51

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, azaroak 25, eta horren harira, hainbat ekimen egin dira hilabete osoan zehar, baina bihar ere izango dira, bai Elgoibarren eta baita Mendaron ere.

Zapata gorriak jarriko dituzte Mendaroko plazan 13:00etan, eta zapata bakoitzak indarkeria matxistak hil duen emakume baten izena izango du ondoan. Elgoibarren, berriz, manifestazioa egingo dute Kalegoen plazatik Maalara, 20:00etan hasita. Segidan 'Bizirik eta aske' abestia kantatuko du musika eskolako koruak Maalako eszenatokian, eta amaitzeko, Alarma Morea taldeak kontzertua emango du Maalan baita ere, 20:45etik aurrera.


2023ko urtarriletik irailera bitartean bikotekideak, bikotekide ohiak edota senide batek eragindako erasoak edo sexu-askatasunaren kontrako 4.879 delitu erregistratu ditu Ertzaintzak, emakumearen kontrako indarkeria-modu ezberdinetan. Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako sakatutako delituek, oro har, %6,2 egin dute gora. Denboraldi horretan, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.983 emakume zenbatu ditu, eta iazko datuekin alderatuta, biktima kopurua %7,7 hazi da. Ertzaintzak 2023an jasotako salaketa kopururik handiena bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du, 569 zehazki, eta aurreko urtearekin alderatuta, igoera % 7,2koa izan da.

Aurten, orain arte, bi emakume hil dituzte Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian bikoteak edo bikotekideak: Maiatzaren 16an, Lourdes del Hoyo 50 urteko emakumea hil zuen bikotekide ohiak Orion, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Maiatzaren 28an, berriz, Maialen Mazon 32 urteko emakumea hil zuen Gasteizen bikotekide ohiak. Gaur egun, 5.616 emakumek dute Ertzaintzaren babesa: 2.738k Bizkaian, 2.010ek Gipuzkoan eta 858k Araban. Eskandalagarriak dira datuak, eta biharkoa protestarako eguna izango da, baita Elgoibarren eta Mendaron ere.

EGITARAUA, azaroak 25, zapatua

  • 09:30 Emakumeentzako autodefentsa tailerra. Olaizaga kiroldegian.
  • 13:00 Zapata gorriak, indarkeria matxistaren kontra. Mendaroko herriko enparantzan.
  • 20:00 Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguneko manifestazioa. Kalegoen plazan.
  • Segidan, 'Bizirik eta aske' abestia aurkeztuko du Musika Eskolako koruak, zuzenean. Maalako parkean.
  • 20:45 Kontzertua: Alarma morea taldearekin. Maalako parkean.

2023 11 24 2022 11 25 kandela eraidako emakumeak elgoibar barren