Iratxe Herrero: “Adinkeriak ezkutatu egiten ditu emakume adinekoak biktimen iruditeritik“

Barren.eus 2023ko aza. 25a, 11:58

Soziologoa, gerontologoa eta kriminologoa da Y-logika gabineteko zuzendari Iratxe Herrero Zarate lanbidez, eta andre edadetuek jasaten duten genero indarkeria aztertu du Carlos Diaz de Argandoña politologoarekin batera, Emakunderen bekari esker.

Uztailean eman zuten argitara azterlana eta salatu zuten adineko emakumeak bereziki zaurgarriak direla indarkeria matxistaren aurrean, haien adinarekin lotutako faktoreen ondorioz. Mendaroko Udalak eskatuta, 'Mujeres mayores y violencia de género' hitzaldia eman zuen barikuan udaletxeko udalbatza aretoan.

 • Emakunderentzako egindako ikerketan ohartarazi zenuten 65 urtetik gorako lau emakumetik batek -67.000 baino gehiago guztira- indarkeria matxista jasan izan duela Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, eta horietatik %5,7k -hamasei bat mila emakumek- sufritzen dutela gaur egun ere. Harritu gaitu datuak, beharbada adineko emakumeak ez daudelako biktimez dugun iruterian.
Fenomeno ezezaguna eta ahaztua da adineko emakumeen kontrako genero indarkeria eta horixe da lehenengo arrazoia. Ez gara gai imajinatzeko biktima adineko emakume bat izan daitekeela, arrazoi askorengatik. Arrazoietako bat da emakume hauek nekez joaten direla biktimei laguntzeko dauden zerbitzuetara, eta ondorioz ez direla agertzen salaketen erregistroetan, ez eta zerbitzu ezberdinen inguruko estatistiketan ere. Beren egoera ikusgarri egiten ez duten emakumeak izan ohi dira, etxeko trapu zikinak etxean garbitzen direla sinestarazi dietelako; 'jasan eta isildu' kulturaren baitan hezi dituztelako. Hedabideetan sentsibilizazio kanpainen berri ematen denean ere nekez ematen da haien irudirik. Normalean, 40-50 urteko ama baten irudia agertzen da, edo bestela, neska gazte batena, sare sozialen kontu horrekin asko ugaritu direlako gazteagoen kontrako erasoak. Eta guzti horrez gain, adinkeriarena ere badago. Adinkeriak eragin handia du gizarteak indarkeria matxistaren biktimen inguruan duen iruditerian. Estereotipoen eraginez, adineko pertsonak baztertu egiten dira alor askotatik, eta hemendik ere bai.

 • Kasu gutxiago ezagutzea, hortaz, ez da inzidentzia apalagoaren erakusgarri.
Hori da, eta horregatik da larria kontu hau, adineko emakumeek gazteagoek baino isiltzeko joera handiagoa dutelako. Ez daukat datu zehatzik emateko, baina iruditzen zait biktima diren emakume gehiago egon behar direla 65 urtez gorakoetan adin tarte gazteagoetan baino, arrazoi horrexegatik, sufritzen ari direna genero indarkeria dela identifikatzeko dituzten zailtasunengatik. Gertatzen da beste kontu bat ere. Bizi-itxaropena luzatu egin denez, genero indarkeria jasan duten andre hauetako asko alargunduta daude, baina ez genuke ahaztu behar indarkeria kronifikatu baten ondorioek denboran irauten dutela, erasotzailea hilda egon arren. Ez genituzke ahaztu behar urteetan direnak eta bi sufritu eta isildu dituzten emakume horiek, laguntza behar izaten dutelako. Urteetan biktima izan arren laguntzarik jaso ez duten emakumeen osasun fisiko eta psikikoa beren adineko beste emakumeena baino askoz debilduago egoten da, bai eta genero indarkeriaren biktima izan diren beste andre gazteagoena baino ere. Hankapean izan ohi dute autoestimua, sare oso murritza inguruan harremantzeko, bakardade handiagoa eta bizi-kalitatea eskasagoa, eta horri gehitu behar diogu zaintza beharren bat izan dezaketela bestela ere adin kontuengatik. Horrek asko zaurgarriago egiten ditu.

 • Adinekoen eskubideei egiten zaien aitortza txikiarekin zerikusirik izan al dezake adinekoen kontrako genero indarkeria horren ikusezin izateak? Nola eragiten die?
Zalantza barik. Adinean oinarrituta egiten den bazterketari esaten diogu adinkeria. Egin diren ikerketek ondorioztatu dute askotan ahazten zaizkigula adineko pertsonak. Estereotipo jakin batzuekin lotzen ditugu adinekoak eta ez dugu onartzen beste ezaugarri batzuk izan ditzaketenik. Inori ez zaio bururatzen 90 urteko emakume bat genero indarkeriaren biktima izan daitekeenik, eta hala, Berdintasun politikak eta adinekoei laguntzeko politikak diseinatzerakoan ere ahaztu egiten gara sarri haietaz, adinkeriagatik. Paradoxikoki, adinkeriak tratu txarrak ematen dituzten gizonengan ere badu eragina, besteak beste adinekoen inguruan onkeriazko aurreiritziak izaten ditugulako eta ondorioz zaila zaigulako irudikatzea gizon edadetu bat indarkeria erabiltzen. Adinkeriak, beraz, ezkutatu egiten ditu adineko emakumeak biktimen iruditeritik eta zaurgarriago egiten ditu hala, eta gizonezkoen kasuan, berriz, adinkeriak mesede egiten die, adinekoez dugun aurreiritziek esaten digutelako 90 urteko gizon batek ez duela min egiteko ahalmenik. Emakumeentzat arrisku-faktorea dena beraz, babes-faktore bat da gizonentzat.

ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1307. zenbakian -PDF-