Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldekoek oinetako gorriak atera dituzte gaur kalera indarkeria matxistaren biktima izan direnak oroitzeko. Oinetako gorrien ondoan, biktimen izen-abizenak eta haien inguruko hainbat datu jaso dituzte, gogoetarako. Indarkeria matxistak etenik ez du, baina, eta urtetik urtera haziz doa biktimen kopurua ere. Hala, bildutako oinetako guztiak ere gutxi izan dira biktima guztiak oroitzeko, eta horregatik, Herriko Enparantzako eraikinetako zutabeetan eta udaletxeko atariko arkupeetan ere eskegi dituzte kartelak, biktimen izen-abizenekin. 13:00etarako egina zuten lan hori taldekideek, elkarretaratzera deitua zutelako ordu horretarako. Jendea hasi da plazara inguratzen eta banan-banan oinetako pare bakoitzaren ondoan jartzen, Tratu Onen Aldeko Taldeak lurreak prest utzitako idatziak eskutan hartuta. Ordulaurden inguruko elkarretaratze isila egin dute, eta plazan utzi dituzte oinetakoak eta biktimen datuak biltzen dituzten kartelak, indarkeria matxistak zer nolako dimentsioa duen ikustarazteko.