Hasteko, abenduaren 1ean, Gaitu egitasmorako grabazio-saioa antolatu du In Leike kultur Elkarteak. Makinei eta adimen emozionalari euskara irakasteko ahalik eta euskarazko ahots gehien biltzeko sortu duten egitasmoa da Gaitu. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sortu dute egitasmoa, eta horren barruan Gaitu.eus webgunea ere eman dute argitarara. Webgune horretan bi ariketa egitea proposatzen dute: batetik, idatzita emandako esaldi bat grabatzea, eta bestetik, aurrez beste hiztun batzuek grabatutako esaldiak balioztatzea. Etxetik bertatik egin daitekeen zerbait da, baina kanpainari ikusgarritasuna emateko eta bide batez euren kasa moldatzen ez diren herritarrei laguntzeko, grabazio-saioa antolatu dute abenduaren 1erako In Leike kultur elkartekoek. 17:00etatik 18:30ak arte jubilatuen lokalean. Mendaroko Udalak ere bat egin du kanpainarekin eta grabazio ondorengorako kalez kaleko erromeria antolatu du EinGO taldearekin. 18:30etik 20:30era bitartean kalez kale ibiliko dira EinGOkoak herritarrak kantura eta dantzara animatzen.