Elgoibarko Izarraren eta Elgoibarko Udalaren adierazpena
"Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak elgoibartarrok betidanik izan dugun euskaldun izateko nahia aldarrikatu nahi dugu. Hala izan da orain arte eta aurrerantzean ere hala izatea nahiko genuke. Udalak eta Elgoibarko Izarrak behintzat gure esku dagoena egiten jarraituko dugu elgoibartarron euskaldun izateko borondatea sustatu eta areagotzeko. Eta hori herriko entitate eta eragileekin batera egin nahi dugu, elkarrekin eta elkarlanean, sare-lanean, hori baita Elgoibarren euskara eta euskaltasuna sustatzeko modurik eraginkorrena.
Egin zutelako gara
Gure aurrekoek egin zutelako gara, bestela ez ginen izango.
Eta hori da, hain zuzen ere, abenduaren 1ean Herriko Antzokian ikusi, entzun eta sentitu genuena. Gure herriko euskalgintzaren historiaren atal bat baino ez dugu jaso – 1950-1990 urte artekoa - , baina bertan argi ikusi dugu egoerarik zailenetan ere euskaldun izaerari eutsi diola gure herriak. Euskaltasunak ezagutu duen zapalkuntzarik larrienetakoan ere, ikusi dugu Elgoibarrek zer eta zenbat egin zuen euskaltasunari eusteko. Zenbat ekimen, zenbat izerdi, zenbat jende, zenbat… dena gure herria euskaldunago izateko helburuaren mesedetan. Jaso dugu egin zutenaren berri eta eskertu diegu orduko euskaltzaleei egin zutena. Merezi zuten.
Gure aurrekoek egin zutelako gara, bestela ez ginen izango.
Egiten badugu izango dira
Orain guri dagokigu egitea.
Guri dagokigu gure aurrekoei lekukoa hartzea. Eta guk egiten badugu, gure ondorengoak ere izango dira. Egin zuten, egiten dihardugu eta egiten jarraitu behar dugu. Egiten eta eragiten. Euskalgintzaren transmisioak ez du etenik izan gure herrian, eta egoera oso bestelakoa bada ere duela 70 urteko Elgoibarrekin alderatuta, helburua bera da: Elgoibar euskaldunagoaren mesedetan jardutea. Horretarako egin zuten orduan, eta horretarako dihardugu orain. Horretarako eragin nahi dugu, besteak beste, herritarren sentsibilizazioan, hezkuntzan, aisialdian, arlo sozio-ekonomikoan, lan munduan, arlo digitalean… Ezin ahaztu Elgoibarko hizkuntza aniztasuna, hor ere eragin nahi dugu, hizkuntza eta kultura guztiei aitortza eginez, baina euskara eta euskal kultura erdigunean jarrita. Esparru eta lan-eremu asko dauzkagu begiz jota, eta oraintxe dihardugu lehentasunak erabakitzen.
Asko da Elgoibarren egin duguna, baina asko da egiteke eta egiteko daukaguna. Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elgoibartarrok euskaldunagoak izateko egiten eta eragiten jarraituko dugu, Elgoibarren euskaraz bizitzea gero eta normalagoa izan dadin. Eta hori, arestian esan bezala, herritarrekin batera egin nahi dugu, herriko entitateekin elkarlanean. Sarean, Elgoibarko euskalgintza artikulatuta, bakoitzak berean egin eta denon artean geurearen ardura hartuta. Elkarrekin eta elkarrentzat lan eginez. Elgoibargintzan jardunda.
Gure aurrekoek egin zutelako gara, eta guk egiten badugu, gure ondorengoak ere izango dira".
Aitor Iriondo Unamuntzaga Euskara eta Gazteria Sailetako zinegotziak ere bere ekarpena egin du.
Euskara: guztion altxorra eta konpromisoa.
"Igande hau, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, une aproposa da gure hizkuntzak duen garrantziaz eta euskararen sustapenean, transmisioan eta zaintzan guztiok dugun konpromisoaz hausnartzeko. Euskara gure nortasunaren eta ondarearen funtsezko zait bat baita, eta gure inguruan hizkuntza bizia izaten jarraitzen duela ziurtatzeko gu guztiok dugun erantzukizunaz jabetu behar dugu.
Lehenik eta behin, funtsezkoa da gure ahaleginak belaunaldi gazteenetan euskara sustatzera bideratzea. Haur eta gazteak gure hizkuntzaren etorkizuna dira, eta euskara modu natural eta eraginkorrean ikasteko eta erabiltzeko ingurune bat eskaini behar diegu. Horrek esan nahi du hezkuntza-programa sendoak sustatu behar ditugula, euskarazko sozializazio-guneak sortu behar direla, pantailak eta edukiak euskaratu eta hizkuntza-nortasuna indartzen duten kultura-ekimenak babestu behar ditugula.
Hala ere, ezin gara belaunaldi berrietara bakarrik mugatu. Gure hizkuntza zaintzeko eta sustatzeko ardura guzOona da, gure adina edozein dela ere. Helduok ere funtsezko zeregina dugu gure eguneroko bizitzan euskara erabiltzen eta Elgoibarren euskarazko jarduerak bultzatzen.
Testuinguru horretan, nire haserrea adierazi nahi dut Euskadiko udaletan euskararen tratamendua arautzen duen erreglamendua zalantzan jarri duten epai judizialengatik. Erabaki horiek ziurgabetasuna eta kezka sortu dute euskal komunitatean, administrazio publikoan gure hizkuntza normalizatzeko egiten ari diren ahaleginak zalantzan jartzen dituztela baidirudi. Euskararen normalizazioa eta biziberritzea mehatxatzen duen edozein esku-sartzeren aurka, gure hizkuntza eta nortasuna defendatu behar ditugu.
Euskara gure eguneroko bizitza aberasten duen bereizgarria dugu, eta bera zaintzea zeregin kolektiboa da dudarik gabe. Gure hizkuntza zaintzeko eta sustatzeko konpromisoan bat egin behar dugu, gure nortasunaren eta ondare kulturalaren zait integrala izaten jarrai dezan ziurtatuz. Etzi, Euskararen Nazioarteko Egunean, gure hizkuntza-ondarea indartzeko eta babesteko elkarrekin lan egiteko erabakia berretsi behar dugu, etorkizuneko belaunaldiek ere euskararen edertasunaz eta aberastasunaz gozatu ahal izan dezaten. Nik, euskaraz! Ni, euskaraz!"