Ekimen hori gauzatzeko In Leike kultur elkartearen, Mendaro Ikastolaren eta Arno guraso elkartearen laguntza izan du Udalak. Duela 40 urte Udala eratu zutenean sortu zuten irudia da azalekoa.
Herrian mugarri izan diren gertakarien, herriko pertsonaia esanguratsuen, toponimiaren eta bestelako kontuen inguruko hainbat galdera zerrendatuko dituzte Udaletik, eta astelehenero hiru-lau galdera zabalduko dituzte. Galdera horiek eskolaren bitartez zabalduko dizkiete eskola-umeei astelehenetan, eta etxekoen laguntzarekin erantzuteko aukera izango dute. Erantzunak, eskolan bertan jarriko duten kutxa batean laga beharko dituzte barikurako beren izen-abizenak eta ikas-maila zehaztuta. Ekimenean, baina, eskola-umeez gain, herritar orok izango du parte hartzeko aukera. Galderak Udalaren webgunean jarriko dituzte eta sare sozialen bidez zabalduko dituzte astelehenero, eta barikura arteko epea izango dute erantzuteko (bi egunak barne). Erantzunak Morroskillo dendan eta udaletxeko harreran (arratsaldez, liburutegian) laga beharko dituzte, izen-abizenak eta telefono zenbaki bat zehaztuta.