Desgaitasuna duten pertsonen eskubideak eta ongizatea sustatzeko eguna da abenduaren 3a, hala erabaki baitzuten Nazio Batuek 1992an.
Elgoibarren, Nuala Elkartekoek informazio-mahaia jarriko dute, Kalegoen plazan, elkartean egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa emateko (kirola, aisia, Bizipoza…), eta aniztasun funtzionala duten pertsonen senideen, irakasleen, orientatzaileen eta, oro har, herritarren interesekoa izan daitekeen informazioa zabaltzeko. Elkartearen materiala ere salduko dute, eta umeentzako tailerrak ere egongo dira. 10:00etatik 14:00etara egongo dira plazan.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga oraintsu batu da Nualakoekin, tokiko ekimenak kontrastatzeko. Gurrutxagak adierazi du Udalarentzat lehentasunezkoa dela dibertsitate funtzionala edo gaitasun aniztasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko hartua duten konpromisoa. Bileraren helburua orain arte egindakoa aztertzea eta etorkizunari begira dituzten erronkak elkarrekin lantzea dela azaldu du. Ildo beretik, Nazioarteko Eguna baliatu nahi dute, aniztasun funtzionala berriro ere ikusarazteko eta herritarrak sentsibilizatzeko. Udalarentzat, zeharka landu beharreko gaia da, eta gogora ekarri dute urteak daramatzatela ikuspegi hori sail guztietan zein egunerokotasunean txertatzen. Sailez sail gauzatzen dituzten ekimenak zerrendatu dituzte:
Gizarte Ongizate Saila:
• Atseden programa: Gautenarekin elkarlanean, herritarrei atseden eta erlaxazio uneak eskaintzeko programa.
• Asteburuko aisialdi-programa: Gautenarekin lankidetzan, asteburuetan aisialdiko jarduerak egiteko.
• Udaleku ireki egokituak: Gautenarekin elkarlanean, udaleku egokituak eskaintzen dituzte, parte-hartzaile guztien inklusioa bermatzeko.
• Udaleku egokituak
• Udako lagun koadrila: udan ere sozializazioa eta lagun artea sustatzen duen ekimena.
• Irakasleentzako hitzaldi-zikloa: irakasleei zuzendutako hitzaldi-zikloa da, ikasle guztientzat onuragarriak izan daitezkeen egokitzapenei eta materialak sortzeari buruzkoa.
Haurrak, Nerabeak eta Gazteak Sustatzeko Saila:
• "Elgoibar Mugimenduan" proiektua: gazteek komunitatean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duen proiektua.
• Jolasak Gaztelekuan: ZIG gelako pertsonentzako jolasak, Gaztelekuan.
• Euskarri irakurgarriak: Komunitateko kide guztiek irakurtzeko moduko materialak eskuratzea sustatzen duen ekimena.
Gotzon Garate Udal Liburutegia: Liburutegi irisgarri eta inklusiboa, guztiontzat irekia, begizta magnetikoa duena entzunaldia errazteko.
• ZIG gelako gazteentzako praktiken hitzarmenak: ZIG gelako gazteentzako praktiken hitzarmenak ezartzen dituzte.
• Irakurketa errazeko tailerrak: Hainbat formatutan irakurketa-tailerrak eskaintzen dira, bakoitzaren irakurketa-beharretara egokitzeko.
• ZIGeko gazteekin jarduerak: Txangoak egin eta diplomak banatzen dituzte gazteen parte-hartzea sustatzeko.
• Dislegi Elkartearekin lankidetza: Dislegi elkartearekin elkarlanean aritzen da, irakurketa-gidak eta materiala mailegatzeko gidak eskainiz.
• Emakume etorkinekin elkarlanean osatutako taldea, irakurketa erraza sustatzeko.
Berdintasun Saila:
• Semaforoak soinu-ohartarazlearekin: itsuentzako soinu-ohartarazleak jarri dituzte semaforoetan.
• Piktogramak oinezkoen pasabideetan: Piktogramak erabiltzen dituzte oinezkoen pasabideetan ulermena hobetzeko.
Kultura Saila: irisgarritasuna ekitaldi eta espazioetan
• Herriko Antzokia: irisgarritasun-neurriak ezarri dituzte, desgaitasunak dituzten pertsonentzako agertokirako arrapala, komun irisgarriak eta seinaleztapen egokia barne.
• Guztiontzako jaiak: Pertsona guztientzako jai inklusiboak sustatzea, dibertsitate funtzionala dutenak barne.
• Kultura-programazioa: urtean eduki inklusiboa duten hiru ikuskizun sartzen dituzte kultura-programazioan.
Kirol Patronatua: Kirol Inklusiboa
• Eskola-kirol egokitua.
• Igeriketa egokitua.
• Gautena gela eta ZIG gela: Laguntza berezia ematen da igeriketa-kanpainan eta gazteentzako jardueretan.
• Udako gazte koadrila: Gazteek udan kirol-jardueretan parte har dezaten sustatzen da.