Iragarritako moduan, Gaitu egitasmorako grabazio saioa izan zuten bariku arratsaldean Mendaron. In Leike kultur elkartekoek egin zuten deia, eta bat egin zuen Mendaroko Udalak ekimenarekin. Hain justu ere, In Leikeko boluntarioak aritu ziren jubilatuen lokalean herritarrei kanpainaren inguruko informazioa banatzen eta grabazioetarako laguntza behar zutenei laguntzen. Elkartekoek eskuorriak banatu zituzten eta sistemak emandako esaldiak grabatzeko argibideak eman zizkieten lokalera inguratu zirenei, bai eta aurrez beste batzuek grabatutako esaldiak balioeztatzen lagundu ere. Ondoren, 18:30ean, kalez kaleko erromeria hasi zuten EinGo taldearekin. Udalak eskatuta etorri ziren EinGo Taldekoak eta jai-giroa jarri zuten herrian. Azpilgoetan hasi zuten kalejira eta frontoian amaitu zuten. Eguraldiak ez zuen gehiegirik lagundu, baina ez zuen horrek erromerira inguratutakoen dantzarako eta kanturako gogoa zapuztu. Zaindu beharra zuten gazte askok, biharamuneko apustuan parte hartzekoak zirelako asko eta asko, baina dantzarako ere saltaka aritzeko bezain hanka bizkorrak dituztela erakutsi zuten. Erromeria, Mikel Laboa kantariari egindako keinu batekin amaitu zuten EinGOkoek. Barikuan bete ziren hamabost urte Laboa, euskal kaltagintza berriaren suspertzailea, hil zela, eta haren omenez Txoriak txori kantatu zuten frontoira inguratu ziren guztiek elkarrekin.
Zapatu goizean jokatu zuten apustua 54 lagunek, eta eta Patxangoi txarangakoek girotu zuten bazkaloste luzea. Barikuko jaiaren luzapen halako bat izan zen zapatukoa; bi eguneko jaia Mendaron. Atzo, berriz, 'Munduari itzulia 80 egunean' antzezlana eman zuten Glu-Glu produkzioak taldekoek San Agustin aretoan, eta gogotik gozatu zuten haur eta helduek. Argazkiak: Ainhoa Urbieta, Eider Agirre eta Dorleta Lazarobaster.