Euskal Herriko liburudendetan, azken nobedadeak eskuratzeko aukera zabaltzen du Durangoko Azokak, Zu non han DA! izeneko kanpainaren bitartez. Saltokietako batzuetan, liburu aurkezpen bereziak antolatzen dituzte, eta horietako bat da Pitxintxun abenduaren 14an egingo dutena. Goiatz Labandibar Arbelaitz (Oiartzun, 1985) idazlea etorriko da Erein argitaletxearekin kaleratu duen bere estreinako eleberria, 'Bekatua', aurkeztera Elgoibarrera; eta, irakurketa dramatizatua ere egingo dute Sara Iriondoren laguntzaz. 19:00etan izango da.
Krisi existentzial bat umorez kontatzen duen eleberriko protagonista Garazi izeneko 36 urteko emakumea da. 19 urteko ezezagun baten ohean esnatzen da, unibertsitatean ezagutu zituen lagunekin parranda egin ondoren. Garaziren bekatua bikoitza da, Labandibarren esanetan: “Bikotekideari adarrak jartzen dizkio, eta, gainera, gizon gazteago batekin oheratu den emakumea da”.