Elgoibarko Pentsiodunen Elkarteak eta Gaurgeroa-Duintasunak landu eta EHBilduk aurkeztutakoa batetik, zeinak gutxieneko pentsioak osagarri baten bidez 1.080 euroraino igotzeko eskatzen dion Jaurlaritzari, eta EAJ-k eta PSE-EEk aurkeztutakoak bestetik. Alderdi bakoitzak bere mozioaren alde bozkatu zuen.
Europako Gutun Soziala sinatzean hartutako konpromisoa betetzeko eskatzen diete pentsiodunen mugimendutik Espainiako Gobernuari eta parlamentuari, baina bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pentsio apalenak 1.080 euroraino osatzeko modua baduela uste dute, eta horixe ari zaizkie eskatzen: pentsiodunen ordainak osagarri baten bidez igotzeko aukera aztertzea.
Elgoibarren, joan zen udalbatzaren osoko bilkuran aztertu zuten gaia. Elgoibarko hainbat kolektibo eta elkarteren babesa zuen mozio horrek, eta Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduaren eta Gaurgeroa-Duintasunaren sinadura, baina udal arauak ez du baimentzen elkarteek eurek egitea mozioen defentsa osoko bilkuran, eta EHBilduren bidez sartu zuten azkenean. Mozioak, baina, ez zuen aurrera egin. EAJko eta PSE-EEko zinegotziek kontra bozkatu zuten, eta zazpi boto jaso zituen alde, EHBilduko zinegotzienak. Horren harira, Elgoibarko Pentsiodunen Mugimendutik eta Gaurgeroa-Duintasunetik adierazi dute lanean jarraituko dutela eta mobilizazioei eutsiko dietela, Elgoibarren 950 emakume eta 350 gizon daudelako 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa dutenak.
EHBilduk aurkeztutako mozioaren ordez EAJk eta PSE-EEk ere gai berari lotutako mozio bana aurkeztu zituzten. EAJrena bost puntuko mozioa da, gutxieneko pentsioak duintzeko ahalegina egiteko eskatzen diona Espainiako Gobernuari: "Estatuko Gobernuari eskatzea gutxieneko pentsioa duintzeko esfortzua egin dezala sistema elikatzeko diru-sarrerak handitzera bideratutako neurriak hartuz, sistemaren beraren gastuetan eraginez eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata erreferentziatzat hartuz". Mozioan jaso dute Espainiako Gobernuari dagokiola 2018ko martxoaren 1ean Eusko Legebiltzarrean gehiengo zabal batez adostu zuten akordioa betetzea, zeinean eskatzen zuten "pentsio sistema nahiko eta jasangarria bermatzea, elkartasunean eta gardentasunean oinarrituta". Era berean, Segurantza Sozialaren eskuduntzak EAEko erakundeei transferitzeko urratsak egiten hasteko ere eskatu diete, Gernikako Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoaren 18.2 artikuluan eta Aldi Baterako 5. Xedapenean jasotako moduan. EAJ-ren aldeko zortzi boto jaso zituen, baina PSE-EEk eta EH Bilduk kontra bozkatu zuten, beraz, hamar boto izan zituen kontra. PSE-EEk bere moziori eman zion aldeko botoa, baina horri kontra egin zioten EAJ-k eta EH-Bilduk, beraz, bi boto alde eta 15 kontra izan zituen azken honek.