Herria sortu zeneko 40. urtemuga ospatzeko Udalak antolatu duen ekintzetako bat da lehiaketa, In Leike kultur elkartearen, Mendaro ikastolaren eta Arno guraso elkartearen laguntzarekin gauzatuko duena. Herriko historia eta ondarea ezagutarazteko asmoz sortu dute, eta hala, herrian mugarri izan diren gertakarien, herriko pertsonaia esanguratsuen, toponimiaren eta bestelako kontuen inguruko galderak egingo dituzte, astelehenero. Hauek dira aste honetan zabaldu dituzten lau galderak:
- Noiztik da Mendaro udalerri? Zein udalerritako parte ziren ordura arte Mendaroko lurrak?
- Mendaroko zein auzotan egon zen lehendabiziko udaletxea? Zenbat eraikinetan egon da orain arte udaletxea?
- Nor izan zen Mendaroko lehendabiziko alkatea? Zein etxetan jaiotakoa zen bera?
- Zenbat gizonezko eta zenbat emakumezko izan dira herriko alkate?
Galdera horiek eskolaren bitartez zabaldu dizkiete eskola-umeei, eta etxekoen laguntzarekin erantzuteko aukera izango dute. Erantzunak, eskolan bertan jarriko duten kutxa batean utzi beharko dituzte eskola-umeek, beren izen-abizenak eta ikas-maila zehaztuta. Ekimenean, baina, eskola-umeez gain, herritar orok izango du parte hartzeko aukera. Udalaren webgunean jarri dituzte galderak eta sare sozialen bidez ere zabaldu dituzte gaur. Erantzunak Morroskillo dendan eta udaletxeko harreran (arratsaldez, liburutegian) utzi beharko dituzte, izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbaki bat zehaztuta. Udaletik zehaztu dute herritar bakoitzak astero behin bakarrik parte hartu ahal izango duela lehiaketan. Hurrengo galdetegia datorren astelehenean zabalduko dute, 2. sorta izenburupean. Hil bukaeran sei sari zozkatu asmo dituzte, kutxa bakoitzeko bi, eta abenduaren 30ean egingo duten sari banaketa ekitaldia