Zortzi puntukoa da EAJk aurkeztu zuen mozioa. Andrea Arriola EAJko bozeramaileak esan zuen “sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitarioa den euskal zaintza eredu baten alde” egiten dutela, “adostasunak eta akordio zabalak lortzeko gai izango dena”. Zaintzaren gaian akordioa lortzea funtsezkoa ikusten du EAJk eta uste du elgoibartarrak “eragile konprometituak” izan behar direla zaintza ereduaren eraldaketan. Horren harira Arriolak esan zuen “borondate kontua” dela lortzea eta EAJ prest dagoela “hitz egiteko, zehazteko eta adosteko”. Hona, puntuz puntu eta laburtuta, EAJk mozioan jaso dituen zortzi puntuak.
- Pertsona, ardatz: Arreta pertsonalizatua, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubide subjetiboa bermatzea.
- Profesionalizazioa: Zaintzan modu formal eta informalean dihardutenen lan-baldintzak hobetzea, elkarrizketa sozialaren bidez eta laguntza-sistema indartuta.
- Etxeko zaintza lehenestea, hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dutelako.
- Sistema inklusiboa eta berdinzalea: Historikoki, zaintzaren ardura emakumeek izan dutelako, beharrezko ikusten dute desberdintasun egoerak konpontzea, feminismo konprometitu eta berdinzale batetik. Gauza bera arraza edo jatorri etnikoarekin lotutako diskriminazioekin.
- Koordinazio soziosanitarioa indartzea, gizarte eta osasun sistemen arteko lankidetza handitu eta hobetuta.
- Komunitatea indartzea. Komunitate loturak indartzea, gizarte-kohesioa eta zaintzarekin konprometitutako erakunde, elkarte eta pertsonen parte-hartzea handituta.
- Zainketen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea: Eraginkortasuna bilatu eta kudeaketa hobetzea, horretarako baliabide ekonomiko berriak aztertuz eta egungo zainketa-ereduaren bideragarritasuna eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duten neurri fiskal berriak hartuz, belaunaldien arteko konpromiso berrituarekin.
- Zainketen elkarlaneko gobernatzaren alde egitea: mekanismo berriak antolatzea zaintza publiko-pribaua, publiko-publikoa eta publiko-komunitarioa hobetzeko.
EH Bilduren proposamena
EH Bilduk, bestalde, salatu zuen gizarte zerbitzuetarako eskubidean “desoreka eta desberdintasun handiak” daudela lurraldeen eta lurralde bakoitzeko pertsonen artean eta zerbitzu publikoak nabarmen eskastu direla azkeneko urteetan. “Gainbehera” ikusten dute egungo zaintza-sistema eta salatu zute erakundeetatik ez dietela behar bezala erantzuten gizartearen zaintza beharrei: “Egungo zaintzak desegokiak, eskasak, prekarioak eta desberdintasun sozialen sortzaile dira eta ez dira libreki aukeratuak. Egun, zaintzak, gurean, era eskas, sexista eta merkantilista batean ebazten dira”. EH Bildutik gogorarazi dute populazioaren zahartzearen ondorioz zaintza premia handiagoa dagoela egunetik egunera, eta oraindik ere karga hori familiartekoen eta bereziki emakumeen bizkar dagoela. Horregatik, zaintzen demokratizaziorako bidean jauziak emateko ordua dela uste dute. Zaintza sistema publiko komunitarioa eraiki behar dela dio EH Bilduk eta hori hori behetik gora egin behar dela. “Esaten denaz gain, egiten den moduak izugarrizko garrantzia du honelako herri erronka batean aurrean”, azpimarratu dute horren harira. Sei puntutara ekarri du EH Bilduk bere proposamena:
- Euskal Gizarte Zerbitzuen Sisteman aurreikusitako zaintzara zuzendutako prestazio eta zerbitzuak berdefinitu behar dira, bai eta horiek garatzeko eta horien sarea hedatzeko inbertsioak argi definitu ere.
- Zaintzak ezin du negozio izan eta Gizarte Zerbitzuen desmerkantilizazioa eta zaintza sektoreko lan baldintzak duintzeko prozesua abiatzea.
-
Gizarte Zerbitzuen doakotasuna bermatzeko prozesu graduala abiaraztea.
-
Zerbitzuen finantziazioaren inguruko eztabaida irekitzea.
-
Etxeetan egoiliar bezala zaintza lanak egiten dituzten emakumeen eskubide guztiak onartzea; atzerritar legea indargabetzea, zaintzako langile guztiak erregularizatzea, egoiliarren erregimena desagertaraziz.
-
Zaintza lanetan bizitza osoan aritu diren adineko emakumeentzat pentsio eta bizi baldintza duinak bermatzea