Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, jolaserako gunea izateaz gainera familientzako topagune izatea ere nahi dute. "Gurasoentzako eta zaintzaileentzako topagunea izatea espero dugu, esperientziak partekatzeko eta gizarte-harremanak sendotzeko", adierazi dute. Zerbitzua doakoa izango da, alegia, ez dago zertan Udal Kirol Patronatuko bazkide izan beharrik jolasgunea erabiltzeko.
Jolasgunearen ordutegia honako hau izango da:
- Ostiraletan: 16:00 - 19:30
- Larunbatetan: 09:30 - 12:30 eta 16:00 - 19:30
- Igandeetan: 09:30 - 13:00
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak azaldu du jolasgune berri hau 2023-27 Legealdi Planeko proiektuetako bat dela. "Une honetan lantzen ari gara plana, eta egonkor egin nahi dugu; beraz, behin betiko eremu bat garatu artean, kiroldegiko gune berri hau egongo da zerbitzua eskaintzen behin behinekoz”.
Jolasgune hori erabiltzeko, kiroldegiko ohiko arauez gainera, arau zehatzagoak ere bete beharko dituzte erabiltzaileek, hala nola, haurrek beti heldu baten laguntza behar izatea, haurrei lekua emateko heldu kopuru txikia mantentzeko gomendioa, eta zarata minimizatzeko eskaera, erabiltzaile guztientzako esperientzia atsegina bermatzeko.