10:00etan zabalduko dute barazki eta ganadu azoka. Frontoian jarriko dituzte baserritarrek salgai ortuari, ogi eta etxeko gainerako produktuak, eta Herriko Enparantza bueltan izango dira ikusgai etxe-abereak. 10:00ean kalejira hasiko dute dultzaineroek, eta 11:00etan emango diote hasiera sagardo lehiaketari. Arno Guraso Elkartekoak arituko dira sagardoa banatzen, eta sari banaketa 14:00etan egingo dute. Sari banaketa horretan, ere berean, sari berezi bat ere zozkatuko du Udalak, goizean zehar azokan erosketa egin duten guztien artean.
Eguerdian, eta urtero legez, dantza emanaldia egingo dute Mendaroko Gazteak dantza taldeko haur eta helduek, plazan, eta gaztetxoentzako Realaren puzgarriak ere jarriko dituzte ikastolako patioan (goizez, 12:00etatik 14:30era, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara).
• 'Sarube'ren omenezko giza proba saioa
Arratsalderako, Jon Salegi Saruberi (Mendaro, 1972-2023) omenaldia iragarri du Tope Natxiok giza proba taldeak. Salegik berak sortu zuen taldea eta maisua gogoan izango dute taldekideek, plazan, 18:00etan egingo duten saioan. 19:00etan, berriz, txahal pintxoak banatzen hasiko dira Arno Guraso Elkartekoak. Lehian taldeak jarriko du erromeria tarte horretan, eta ondoren, DJ bat arituko da musika jartzen. Hona egitarau osoa, azoka iragartzeko kartelean: