Gaur zabalduko dute Xabier Obesoren erakusketa Elgoibarko Kultur Etxean

Barren.eus 2023ko abe. 11a, 12:31

Xabier Obeso (Errenteria, 1952) margolari eta grabatzaileak ibilbide artistiko luzea du atzean, eta XX. mendearen bigarren erdialdetik presioa nagusi izan arren, figurazioari inoiz uko egin ez zioten talde murriztezin horretako kide da.

Gaur, hilak 11, erakusketa zabalduko du Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan, eta abenduaren 22ra arteko epea egongo da bisitatzeko. Erakusketa astelehenetik zapatura ikusteko aukera izango da, arratsaldez, 18:30etik 20:30erako ordutegian. Era berean, abenduaren 14an eta 16an bisita gidatuak egingo ditu. Harremanetarako telefonoa: 610 919 953.

Erakusketa honekin, arteak gure garapen pertsonal eta sozialean duen garrantziari buruzko hausnarketarako espazio bat sortu nahi du Obesok, "zentzu kritikoa aberasteko eta sorkuntzarekiko interesa eta gozamena handitzeko aukera emango digun ikaskuntza eta esperientzia bat sortuz".

Kritikak errealismo garaikidearen artistarik adierazgarrienetakotzat jotzen du artista errenteriarra. Artistak berak, honakoa dio bere lanaz: "filosofikoa, transzendentala eta sinbolikoa" da. Filosofikoa, gizakiaren hazteko premiarekin zerikusia duten gai sakonei buruzko gogoetak islatzen dituelako; transzendentala, ezagutzen denaren mugak gainditzen dituelako inkontzientean sakonduz; eta, sinbolikoa, sinboloen hizkuntzaren bidez adierazten delako.