Agifes elkarteak Buru Osasuna eta Zinema izeneko zineforuma antolatzen du urtero, baina aurtengoak badu berezitasun bat; ibiltaria izango dela, alegia. Jende gehiagorengana ailegatu ahal izateko herriz-herri ematen ari dira zine emanaldiak Gipuzkoan barrena. Tolosan, Beasainen, Donostian eta Azpeitian geldialdiak egin ostean, Elgoibarrera iritsiko da zineforum saioa abenduaren 12an, martitzena. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta doakoa izango da sarrera.
Herriko Antzokiko saiora joaten direnek Thor Freudenthal zuzendari alemaniarraren 'Palabras en las paredes del baño' filma (AEB, 2020) ikusteko aukera izango dute lehendabizi, eta ikus-entzunezko lan horretan agertzen eta lantzen diren gaietatik abiatuta gogoeta egiteko aukera izango dute ondoren, zineforumaren solasaldiaren tartean. Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen du filmak; sendagai esperimental batekin duen tratamendu berriak institutuan nahiz institututik kanpo bizimodu normala izateko aukera emango diola espero du gazteak. (ikus trailerra)
"Buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea eta buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea" dira Buru Osasuna eta Zinema zineforuma antolatzearen helburuak, Agifes elkartetik azaldu dutenez.
Agifes elkartea irabazi-asmorik gabeko elkarteak buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei eta beren senideei laguntzarako guneak eskaintzea du helburu. Egun, 1.000 bazkide eta 50 profesional baino gehiago batzen ditu, eta hainbat programa eskaintzen ditu, besteak beste, doako harrera eta orientazio zerbitzua; arreta psikologikoa; laguntza-taldeak; aholkularitza juridikoa; senideentzako eta profesionalentzako formakuntzak; errehabilitazio psikosozialerako zentroak; babes etxebizitzak; komunitatean autonomiaz moldatzeko laguntza programa; Elkarrekiko Laguntza programa; Zeuk Aukeratu, gazteen buru osasuna zaintzeko prebentzio eta esku-hartze programa; Elkargune, komunitate integraziorako programa; eta Karabeleko, enplegu zentro berezia.