Bost kilometroko ibilbidea izango du CATT Morkaikok antolatu duen estreinako San Silbestre lasterketak

Barren.eus 2023ko abe. 11a, 16:10

2017an jokatu zuten azkenengoz San Silbestre lasterketa Elgoibarren, Mintxeta Atletismo taldeak antolatuta. Orain, CATT Morkaiko taldearen eskutik itzuliko da Elgoibarrera urteari korrika agur esateko ohitura.

Mintxeta Atletismo Taldeak zortzi alditan antolatu zuen San Silbestre lasterketa, 2007. eta 2017. urteen artean. Bazuen berezitasun bat, Europako lehen San Silbestreko lasterketa izatearena, abenduaren 31n, 00:01ean hasten baitzen.

Orain, CATT Morkaiko taldeak hartuko dio erreleboa Mintxetari San Silbestrearen antolakuntzan. Antolatuko duten aurrenekoa 17:00etan hasiko da urteko azken egunean, abenduaren 31n (domekan egokitu da aurten). Parte hartzaileek 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Elgoibarko kaleetan barrena. Hasteko neutralizatutako itzuli txiki bat emango dute: Kalegoen plazatik hasi, San Bartolome kalean gora Kalebarreneraino eta berriro plazara itzultzeko, Errosario kalean behera. Jarraian hiru itzuli handi eman beharko dituzte antxitxikariek (ikus ibilbidea beherago).
 • Sariak azkarrenentzat
Antolatzaileek zehaztu dutenez, ez da kronometrajerik edo sailkapenik egongo Elgoibarko San Silbestre lasterketa herrikoiaren estreinako edizioan. Hala ere, gizonezko eta emakumezko azkarrenek garaikurra eta produktuz betetako saskia jasoko dituzte saritzat; eta, bigarren eta hirugarren sailkatuentzat ere egongo da saria: saskiak. Probaren amaieran 'Korrikalariaren poltsa' ere banatuko dute, hainbat produkturekin eta oroigarrizko jantzi batekin osatua. Era berean, parte hartzaileen artean opariak ere zozkatuko dituzte, Txankakuaren eta herriko ostalarien laguntzari esker.
 • Izen-ematea egunean bertan
Izenemateak lasterketa egunean egin beharko dira, 15:30etik 16:45era bitartean, bost euro ordainduta. Antolatzaileek 200 lagunetan jarri dute parte-hartzaileen muga. Lasterketan parte hartzeko gutxieneko adina 12 urtekoa den arren, 15 urtetik beherako gazteak heldu batekin parte hartu beharko dute. Informazio osoagoa hemen.

Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen Mendaroko San Silbestre proba herrikoia Elgoibarkoaren ordu berdinean jokatuko dute, 17:00etan.

2023 12 11 SANSILBESTRE ELGOIBAR Catta morkaiko ibilbidea

2023 12 11 SANSILBESTRE ELGOIBAR Catta morkaiko kartela