Karakate Bizirik taldeak antolatu duen hitzaldia 18:30ean izango da, Musika Eskolako auditoriumean.
Turiel Fisika eta Matematikako lizentziaduna eta Fisika Teorikoko doktorea da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Energia gehiegi kontsumitzen dugula dio Turielek, eta datozen urteetan kontsumoa txikitu beharko dugula. Energiari lotuta daukagun arazo larriena, berriz, erregai fosilak gutxitzen ari direla da bere ustetan. Petrolioaren produkzioa jaisten ari dela-eta, petrolio gutxiagorekin bizitzen ikasi egin beharko dugula azpimarratu izan du. Ikatzaren produkzioak ere goia jo du, eta gasari ere urte gutxi batzuk geratzen zaizkio goia jotzeko. Honek guztiak mendebaldeko gizartearentzako energia nahikorik ez egotea dakar, eta alternatibak aurkitu beharko dira. Trantsizio energetikoa ezinbestekoa da; energia iturri berriak aurkitu behar ditugu, bereziki, Europan.
• Energia berriztagarriak aurkezten zaizkigu alternatiba moduan, baina zu ez zaude oso konbentzituta. Zergatik?
Energia berriztagarriek gabezia tekniko asko dituzte, eta hein handi batean erregai fosilen beharra dute. Energia berriztagarriak elektrizitatea sortzeko pentsatuta daude bereziki, eta elektrizitatearen kontsumoa 2008tik jaisten ari da. 15 urtean ari da kontsumoa jaisten! Orduan, zertarako behar dira horrenbeste aerosorgailu eta plaka fotovoltaiko gero eta elektrizitate gutxiago kontsumitzen badugu?. Beti galdetzen diot jendeari kontsumitzen den energia kopuru guztitik, elektrizitatea zenbat den uste duen. Jendeak uste du %60 inguru dela elektrizitatea, baina benetan %20a da. Elektrikoa ez dena elektrifikatzea oso zaila da, eta saltzen digute auto elektrikoak erabili ahal izango ditugula baina hori gezurra da. Beraz, errealitateak erakusten digu ez dagoela benetako energia alternatiborik. Aurrera egiteko daukagun aukera bakarrak deshazkundea da; kontsumoa murriztu behar dugu. Eta murriztu egin beharko dugu bai ala bai, gero eta erregai gutxiago dagoelako.
Barikuan argitaratuko dugu elkarrizketa osoa.