Institutu aurrean dagoen zuhaitz bat moztuko dute segurtasuna bermatzearren

Barren.eus 2023ko abe. 12a, 14:57

Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, Elgoibar BHI ikastetxe aurrean dagoen eukalipto zuhaitz bat eraitsiko dute eguenean, abenduaren 14an.

Zuhaitza erortzeko dagoen arriskuagatik hartu dute botatzeko erabakia, herritarren segurtasuna bermatze aldera. "Erabaki hau eragin duen arrazoi nagusia zuhaitzaren tamaina da, 20 metro baino gehiagoko garaiera baitu, eta eroriz gero, ikastetxearen inguruan zein bide publikoan eragina izan dezake, kokatuta dagoen lursailaren inklinazioa dela eta", adierazi dute. Gainera, zuhaitzaren enborrean hainbat pitzadura atzeman dituzte, "osasunez gaizki dagoen seinale". Eukaliptoa batez ere baso-ustiapenean eta paper-orea ekoizteko erabiltzen den espeziea dela zehaztu dute Udaletik, eta, beraz, ez dela hiri-ingurunerako zuhaitz mota egokia.

Mozte lanek une jakin bazuetan trafikoan eragina izan dezakeela ohartarazi dute.

2023 12 12 Eukaliptoa mozteo elgoibar udala b1