Ekimen honek bere laugarren edizioa beteko du aurten. 2020an sortu zen, Durangoko Azokak euskal kulturgintzan sorrarazten duen dinamikaren indarra aprobetxatu eta euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz. Euskal Herri osoko 88 liburu dendek hartuko dute parte 'Zu Non, Han DA!' egitasmoan, eta azokan egon diren nobedadeak ezagutzeko aukera emango dute. Gainera, 27 dendatan liburu aurkezpenak egingo dituzte, abenduaren 11n hasi eta 20an amaituko den aurkezpen-zirkuitoaren barruan. Idazleek bestelako sortzaileek lagundurik burutuko dituzte aurkezpen gehienak, zitari kutsu kulturala emateko.
• Elgoibarren, ‘Bekatua’
27 aurkezpen horietako bat Elgoibarren izango da, abenduaren 14an, 18:00etan. Goiatz Labandibar (Oiartzun, 1985) idazleak 'Bekatua' liburuaren berri emango du Pitxintxu saltokian. Aurkezpen dramatizatua egingo du, Sara Iriondo antzezlearekin batera. Biharamun emozional baten kontakizuna da Bekatua. Ezezagun baten ohean esnatu da Garazi eta horrek bere ordurako bizimodua, harremanak, ziurtasunak eta usteak irauliko ditu. Erruduntasuna eta harrotasuna; poza eta tristura; beldurra eta ausardia; zalantza eta ziurtasunak... Garaziren goiza horien guztien koktela bihurtu da.