Antonio Turiel: “Ez da posible hazkunde infinitoa proposatzea, planeta finito batean”

Barren.eus 2023ko abe. 15a, 13:03

Energia berriztagarrien inguruan duen ikuspegi kritikoagatik eta egiten ari den dibulgazio lanagatik ezaguna da Antonio Turiel CSICeko zientzialaria. 'The Oil Crash' blogaren sortzailea da eta 'Petrokalipsia' liburuaren egilea.

Karakate Bizirik taldeak antolatuta, hitzaldia eman zuen eguaztenean musika eskolako auditoriumean Antonio Aretxabalarekin, eta besteak beste, energia berriztagarriek dituzten mugez ohartarazi zuen.

 • Energia gehiegi kontsumitzen dugula diozu eta datozen urteetan kontsumoa txikitu beharko dugula.
Energiari lotuta daukagun arazo larriena da erregai fosilak gutxitzen ari direla. Petrolioaren produkzioa jaisten ari da, eta ikasi egin beharko dugu petrolio gutxiagorekin bizitzen. Ikatzaren produkzioak ere goia jo du, eta gasari ere urte gutxi batzuk geratzen zaizkio goia jotzeko. Honek guztiak mendebaldeko gizartearentzako energia nahikorik ez egotea dakar, eta alternatibak aurkitu beharko dira. Trantsizio energetikoa ezinbestekoa da; energia iturri berriak aurkitu behar ditugu, bereziki, Europan.

 • Energia berriztagarriak aurkezten zaizkigu alternatiba moduan, baina zu ez zaude oso konbentzituta. Zergatik?
Energia berriztagarriek gabezia tekniko asko dituzte, eta hein handi batean erregai fosilen beharra dute. Energia berriztagarriak elektrizitatea sortzeko pentsatuta daude bereziki, eta elektrizitatearen kontsumoa 2008tik jaisten ari da. 15 urtean ari da kontsumoa jaisten! Orduan, zertarako behar dira horrenbeste aerosorgailu eta plaka fotovoltaiko gero eta elektrizitate gutxiago kontsumitzen badugu?. Beti galdetzen diot jendeari kontsumitzen den energia kopuru guztitik zenbat uste duen dela elektrizitatea. Jendeak uste du %60 inguru dela elektrizitatea, baina egiaz %20 da. Elektrikoa ez dena elektrifikatzea oso zaila da, eta saltzen digute auto elektrikoak erabili ahal izango ditugula baina hori gezurra da. Beraz, errealitateak erakusten digu ez dagoela benetako energia alternatiborik. Aurrera egiteko daukagun aukera bakarra desazkundea da; kontsumoa murriztu behar dugu. Eta murriztu egin beharko dugu bai ala bai, gero eta erregai gutxiago dagoelako.

 • Urteetan ari gara entzuten erregai fosilak gutxitzen ari direla, baina aurreikusi al daiteke materialak noiz agortuko diren betiko?
Pentsakera hori aldatu egin behar da. Jendeak uste du petrolioaren azken tanta lortzen den eguna izango dela arazo, baina arazoa da petrolioaren produkzioa jaisten hasten den eguna, eta horra iritsita gaude. Imajina ezazu esaten dizutela soldata %3 jaitsiko dizutela urtero. Urteak pasa eta kobratzen jarraitzen duzu, eta ez zara 0ra iristen, baina kontua da gero eta gutxiago kobratzen duzula, eta hilabete amaierara iristea gero eta gehiago kostatzen zaizula. Petrolioarekin gauza bera gertatzen ari zaigu. 2018an goia jo zuen eta ordutik produkzioa jaisten ari da, eta jaitsiera hori urteetan luzatuko da, baina argi eduki behar dugu gero eta gutxiago dagoela eta gero eta kopuru txikiagoarekin bizitzen ikasi beharko dugula. Eta hori egin behar dugu urtero haztea eskatzen digun sistema kapitalista baten barruan. Hori da arazoa, iritsiko delako gehiago hazterik izango ez dugun eguna.

2023 12 13 antonio turiel antonio aretxabaleta hitzaldia karakate bizirik elgoibar ikus

 • Desazkundea eta kontsumoaren gutxitzea proposatzen dituzu.
Bai, ikerketa zientifiko batzuen arabera gaur egungo bizi-mailari eutsi ahal izango diogu egungo kontsumoaren %10arekin. Horrek ez du esan nahi hori egin behar dugunik, baina bizitza estiloa aldatuta, egin ahal izango genuke. Hori albiste ona da, izan ere, datu zehatza ez dakigun arren, badirudi energia berriztagarriekin egungo kontsumoaren %30-40 inguru lortu ahal izango genukeela. Beraz, behar duguna baino gehiago izango genuke. Arazoa egungo sistema ekonomikoa da, beti haztera behartzen gaituelako. Hazteko ezinbestekoa da erregaiak kontsumitzea, eta agortzen ari dira. Petrolioaren produkzioaren jaitsierak zuzen-zuzenean eragiten dio dieselari eta gasolinari, baina batez ere, dieselari, eta dieselaren produkzioa etengabeko abiaduran ari da jaisten. Saiatu dira diesela beste modu batean lortzen, baina ez dute lortu, eta herrialde batzuetan dieselaren kontsumoa mugatzen hasita daude. Hori sekulako arazoa da, diesela delako egungo sistemaren oinarria. Diesela da garraioa, diesela da industria, nekazaritzako makineria... Dieselaren agortzeak gauza askori eragiten die, eta lehengaien prezio igoerari erabat lotuta dago. Dieselaren krisia arazo latza da. Esango nuke une honetan arazo larriagoa dela dieselaren murriztea, petrolioarena baino.

 • Bizitza estiloa aldatu beharra dagoela diozu energia gutxiago kontsumitzeko. Norbanakook zer egin dezakegu?
Norbanook argi eduki behar dugu garai zailak iritsiko direla, eta nik gomendatuko nuke une honetan arrisku askorik ez hartzea. Ahal bada behintzat, une honetan hipotekarik ez hartzea gomendatuko nuke, lana etxetik gertu topatzea, eta ez sinistea esaten diguten guztia. Hau ez da sinismen kontua, fisika da eta hau da dagoena. Engainatu egin nahi gaituzte energia berriztagarriekin. Eraiki eta eraiki ari dira, zertarako eraikitzen ari diren jakin gabe. Hau beste burbuila bat da, eta laster egingo du eztanda. Ez dago alternatibarik, eta egoera berrira egokitu beharko gara. Energia berriztagarriekin behar batzuk estaliko genituzke, baina ez denak. Desazkundea da aukera bakarra; gutxiago kontsumitzea, ez dago besterik. Arazoa, dena dela, norbanakoetatik harago doa. Indibidualki hartzen diren neurri guztiak ondo egongo dira, baina askoz arazo larriagoa da eta estatu mailan hartu behar dira erabakiak. Arazoa Europa guztian emango da, hemen ez dagoelako petroliorik, ikatza eta gasa ere gutxi... Estatu Batuetan eta Txinan ere eragingo du, baina beste modu batean. Europan, baina, arazoari ihes egin nahian dabiltza, benetako neurriak hartu beharrean. Gamesari gertatzen ari zaiona ere larria da. Aerosorgailu erraldoiak eraiki ditu eta apurtzen hasi zaizkio. Gero eta aerosorgailu handiagoak eraiki nahi dituzte energia gehiago sortzeko, baina 40-60 tonako palen pisua gehiegizkoa da. Aerosorgailu handiekin energia hobeto aprobetxatzen da, errendimendu handiagoa ematen dute, baina fisikoki ez dago pisu hori jasango duen materialik. Orain dela hiru urte jarritako hainbat aerosorgailu puskatu zaizkio. Nik duela urtebete izan nuen horren berri, txibatazo bat eman zidatelako, baina isilean gorde nahi zuten. Eta ez zaio Gamesari bakarrik pasatzen; enpresa guztiek daukate arazo hori. Aerogeneradore erraldoiak egin aurretik, egin nahi duten horri buruz hausnartu beharko lukete. Euskal enpresariak energia enpresak presionatzen ari dira, nola edo hala beraien produkzioa mantendu edo hazi egin behar dutelako, baina fisikoki ez da posible tamaina horretako aerosorgailuak luzera mantentzea.

Informazio osoagoa:

 *Argazkiak: Imanol Larrañaga.

2023 12 13 antonio turiel antonio aretxabaleta hitzaldia karakate bizirik elgoibar 2ak

2023 12 13 antonio turiel antonio aretxabaleta hitzaldia karakate bizirik elgoibar