Sanloko jokalariak eta entrenatzaileak Gipuzkoako eskubaloi selekzioekin aritu dira Errioxan

Barren.eus 2023ko abe. 18a, 17:28

Kadete eta jubenil kategorietako Gipuzkoako eskubaloi selekzioek lagunarteko partidak jokatu dituzte, asteburuan, Errioxako selekzioen aurka.

Errioxako Navarrete herrian jokatu dituzte neurketak, nesken zein mutilen Gipuzkoako eta Errioxako selekzioek, eta Sanloko hainbat ordezkari deitu dituzte Gipuzkoako selekzioarekin aritzeko, eta baita horiek entrenatzeko ere. Izan ere, hautatzaileetako bat Lorea Gabilondo elgoibartarra izan da. Kadete nesken Gipuzkoako selekzioa zuzendu du Sanlo kirol taldeko emakumeen taldeetako koordinatzailea den Gabilondok. Aurrez ere aritu izan da selekzioko hautatzaile lanetan. Hirugarren urtea izan du aurtengoa zeregin horretan. Oraingoan, Sanloko bi kide izan ditu lagun entrenatzaile lanetarako, Nagore Silvan eta Jurgi Casado.

Teknikoez gainera, Sanlon diharduten zazpi jokalari aritu dira Guipuzkoako selekzioekin. Bost kadete nesken taldearekin, honakoak: Malen Merino, Sare Iriondo, Ane Alberdi, Elene Fernandez eta Jone Kortaberria. Bat jubenil nesken selekzioarekin: Nahia Urbiola; eta, Asier Antxustegik jubenil mutilen taldearekin jokatu du. Kadete nesken selekzioak 21 eta 24 irabazi zion Errioxakoari. Nahia Urbiolak jokatu zuen jubenil nesken mailako neurketan 30-28 gailendu zen Errioxako selekzioa. Era berean, jubenil mutilen arteko lehian ere Errioxarrak nagusitu ziren, 35-28ko emaitzarekin. 

2023 12 18 gipuzkoa eskubaloi selekzioa kadeteak elgoibar sanlo 5

2023 12 18 gipuzkoa eskubaloi selekzioa asier antxustegi nahia urbiola