Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da Zaporeak. Gerratik ihesi zihoazen pertsonen elikadura bezalako oinarrizko premia bati erantzuteko sortu zuten, elkartasuna eta gastronomia uztartzen dituen egitasmoa. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Lesboseko Kara Tepe izeneko errefuxiatu esparruan 2.500 otordu inguru eman ohi ditu Zaporeak elkarteak eguneko. Elgoibarko Udalak erabaki du 1.000 euroko laguntza ematea pita-ogia egiteko behar dituzten produktuak erosteko. Udaletik azaldu dutenez, errefuxiatuentzako esparru horretan bizi direnen "bizi-baldintzak hobetzea" bilatzen duen kausa horri babesa eman nahi diote. Hala. diru laguntza emateaz gainera, "ekimen humanitario garrantzitsu honetan" egindako lanagatik eskerrak eman diziote Zaporeak elkarteari.
Zaporeak elkarteak jakitera emandako datuen arabera, azaro erdialdean 4..418 pertsona zituzten erregistratuta Lesbosen, eta horietatik ia % 20 12 urtetik beherako haurrak ziren. Horientzako elkarteak egunean 2.500 anoa prestatzen ditu euren sukaldean, baina egunean 2.700 otordu ematera ere ailegatu dira.