Eguberrietako oporraldian urteroko zita bihurtuak ziren Mendaron Haur Krosa eta San Silbestre martxa, baina COVIDaren pandemiak etena ekarri zuen, eta azkeneko hiru urtean ez dira egin (2019an egin zuten azkenengoz). Aurten bai, egingo dute. Mendarozabalen izango da proba, eta adinka banatuta arituko dira korrika HH5etik LH6ra arteko neska-mutilak. Lasterketan parte hartzeko izena eman beharko da, han bertan, 16:15etatik aurrera.
Hona haurrek, adinaren arabera, egin beharko duten lana.
- HH5 eta LH1ekoek itzuli bat zirkuituari
- LH2 eta LH3: Bi itzuli
- LH4: Hiru itzuli
- LH5: Lau itzuli
- LH6: Bost itzuli
Helduagoek urteko azken egunean jokatuko dituzten San Silbestre lasterketetan izango dute saltaka egiteko aukera. 17:00etan hasiko dira Mendaron eta Elgoibarren abenduaren 31rako antolatu dituzten San Silbestre lasterketak.
- Mendaroko San Silbestrea frontoi paretik irtengo da, eta 5,2 kilometroko distantzia osatu beharko dute korrikalariek. San Silbestrean 12 urtez gorakoek parte hartu ahal izango dute, baina 12-14 urte bitartekoek heldu batek lagunduta egin beharko dute korrika. Parte hartzeko izena eman beharko da, frontoian bertan. Proba hasi baino orduerdi aurretik zabalduko dute horretarako tartea. Bukaeran mokadua ere banatuko dute antolatzaileek, Mendaroko Udalaren laguntzarekin.
- Elgoibarko San Silbestrea CATT Morkaiko taldeak antolatuko du estreinakoz (HEMEN informazioa)