Abesbatzako haurrek hasi dute jaialdia, Oroitzapenak kantuarekin. Lau kantu abestu dituzte guztira. Bulegoren Egan, Itoiz musika taldearen Elurretan eta Pierre Gerard Vernyren Canon des Scats. Eskularru zuriak jantzita koreografia dotorearekin amaitu dute beren tartea abesbatzakoek. Ondoren, tronpeta taldekoen txanda izan da. Gabonetako Artzai buru zuri bi kantua jo dute elkarrekin Andoni Riañok eta Josu Romerok. Trikitixa taldekoek hartu dute tronpeta joleen lekukoa gero, eta bete dute oholtza. Ei Makarena! eta Itsasontzi baten kantu herrikoia jo dituzte soinu eta panderoa lagun hartuta. Etenik gabekoa izan da jaialdia. Trikitixa taldekoen atzetik, gitarra akustikoa hartuta igo dira oholtzara Haizea Urkia eta Libe Gurrutxaga bikoa, Idoia Asurmendiren 25. artikulua kantua interpretatzera, eta Maitia nun zira kantuarekin gozatu dute publikoa gero biolin-joleek. Bakarka, gitarran Arriola irakaslea lagun duela, Adelleren Someone like you kantua interpretatu du Maite Marquezek ondoren, eta herri musikari lekua egin diote txistulari taldekoek gero. Hiru pieza eskaini dituzte: Gaueko Izar, Oi Bethleen eta Araba soinua. Aitor Huergo eta Mikel Tellabide igo dira gero oholtzara, gitarra akustikoa eta elektrikoa hartuta, eta Huergok berak sortutako Hostoarena kantua jo dute. Jaialdia, Trikitixa taldekoek amaitu dute, E.T.S. taldearen Guretzat kantuarekin. ARGAZKI BILDUMA