Domekan etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi opariak banatzera

Barren.eus 2023ko abe. 22a, 10:42

Olentzero eta Mari Domingi domekan ailegatuko dira aurten Elgoibarrera eta Mendarora, goizean Elgoibarrera eta arratsaldean Mendarora.

Domeka goizean etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi Elgoibarrera, Atxutxiamaikaren eskutik. 10:00etan San Lazarora eta Eguneko Zentrora joango dira kantuan, eta 11:00etan hasiko dute kalejira. Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako ikasleek agurra egingo diete Maalan Olentzero eta Mari Domingiri, eta San Frantzisko kalean gora joango dira, Kalegoen plazara iritsi arte. Bide horretan bi geldialdi egingo dituzte, bata King-Kong inguruan eta bestea Kalebarren plazan. Kalegoen plazara iristean umeen gutunak jasoko dituzte, eliza atarian prestatu duten estalpean.
Mendaron Ameikutz musika eskolak antolatu du Olentzero eta Mari Domingiren kalejira. 17:00etan abaituko dira Moxuanetik, eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, 18:30ean, udaletxeko balkoira irtengo dira. Plazan, bertso eskolakoek eta dantzari talde batek agurra egingo diete.

2023 12 22 olentzero egitaraua