Garagartza eta Azpilgoeta auzoak Elgoibartik eta Mutrikutik bereizi eta Mendaro herria sortzeko ahaleginari, eta zazpi urte geroago, 1983ko uztailaren 2an, eman zioten Gipuzkoako Batzar Nagusiek herri izendapena Mendarori. Udala, baina, abenduan eratu zuten. Juanito Loiola izendatu zuten alkate.
Ametsa bete genuen Mendaro herri eginda", dio Juan Jose Eizagirre zenak, Alaitz Vives kazetariak eta sasoi hartan Mendaro telebistako kameralari zen Leire Eizagirrek sortutako 1+1=1 ikus-entzunezkoan. 2003an grabatu zuten dokumentala. Mendaro herria sortzeko prozesua gidatu zuen talde eragileko [gestorako] kideak elkarrizketatu zituzten dokumentalerako eta ikusentzunezko horixe da 40. urtemugaren harira Mendaroko Udalak abenduaren 29rako antolatu duen ekitaldian proiektatu asmo duena (Udalbatza aretoan, 18:00etan). Ametsa. Horixe zen mendaroarrentzat udaletxea izatea, herri nortasun edo sentimendua izan bazutelako mendaroarrek, herri izan aurretik ere. "Inork ez zuen esaten mutrikuarra edo elgoibartarra zenik hemen. Gu beti izan gara mendaroarrak, Azpilgoeta eta Garagartza auzoen artean beti izan bazen ere pikea", dio Joseba Etxeberriak, Mendaroko Udaleko lehenengo idazkarietako bat izan zenak. Baina bazen purrusta arrazoitu bat oso zabaldua Mendaron. Elgoibarrek eta bereziki Mutrikuk bazter lagata zituztela. "Gogoan daukat Azpilgoetakoak udan Errekabarreneko iturrira (Garagartza) etorri behar izaten zirela ur bila ere, urik ez zutelako [Gaur eskualdeko lau udalerriri ematen die ura Mendarok]. Garagartzako partean hobeto geunden, Elgoibarko Udalak beste zerbitzu bat ematen zuelako, besteak beste Mankomunitatean ere sartuta zegoelako, baina Mutrikurentzat Azpilgoeta oso urrutiko auzo bat zen eta utzi xamar zuen", zehaztu du Lourdes Etxeberriak, 1983an Joseba Etxeberriarekin batera Mendaroko Udaleko idazkari izendatu zutenak. Eta egoera hartan, hobe zen, Jose Agustin Arriolak 1+1=1 dokumentalean dioen bezala, saguaren burua izan lehoiaren buztana baino; Alegia, beti asmatuko ez bazen ere, hobe zela norbere kontuak norberak kudeatzea, beste baten mende egotea baino.
• Aspaldiko eskaera
Gerra aurrean ere, 1929an, ahalegindu izan ziren mendaroarrak Azpilgoeta eta Garagartza auzoak Mutriku eta Elgoibartik bereizi eta Mendaro udalerria sortzen, baina, Francisco Franco diktadorea hil ondorenean, Espainiar estatuak trantsizio demokratikorako prozesua hasi zuenean, zabaldu zitzaion Mendarori -eta gaur udalerri diren beste zenbaiti ere bai, tartean Lasarte eta Astigarragari Gipuzkoan- horretarako aukera. Ordurako Eusko Jaurlaritzak jasoak zituen gai honi zegozkion transferentziak eta berak zuen udal berriak sortzeko eskumena. Geroago, Euskal Autonomia Erkidegoaren egituraketa arautzeko Lurralde Historikoen Legea onartu zutenean, hiru lurraldeetako batzar nagusien esku utzi zuten eskumen hori. 1976an sortu zuten Mendaron desanexioa bultzatuko zuen batzordea ere, hein handi batean Juanjo Eizagirre zena eta Xabier Pagaldai buru zituena, eta 1977ko otsailaren 9an batzar batera deitu zituzten herritarrak prozesua babesteko nahikoa indar bazuten jakitzeko. Batzar hura mojetako lokalean egitekoa zuten, baina hain bildu zen jende asko, azkenean, Garagartzako parrokian egin behar izan zutela. Babesa ia erabatekoa izan zen, batzarrera bildutakoen %98 inguruk alde bozkatu zutelako. Halaxe, sentimendu batek akuilatuta eta herri oso baten babesarekin, ekin zion ametsa egi egiteko lanari talde hark. Zazpi bat urte luzatu zen prozesua.
Tarte horretan, edozenbat bilera egin zituzten, gehienak Aizpen eta otorduren baten bueltan, eta bilera informatiboak Azpilgoetako abadetxean egiten zituzten. Gizonezkoak ziren talde hartan denak, nahiz izan ziren herria sortzeko ahaleginean beren alea jarri zuten emakumeak ere, bigarren plano batean beti. Batzorde hark Siadecori eskatutako azterketarako galdetegiak etxez etxe banatzen ibili ziren, esaterako, Lourdes Etxeberria eta haren beste zenbait lagun; emakumezkoak denak. Siadecori eskatutako azterketa lan hartarako atal historiko-administratiboa Jose Mari Lizundia Euskaltzaindiko idazkariordeak egin zuen. Ezinbestekoa izan zen Lizundiak prozesuari egin zion ekarpena; bai eta Jose Manuel Perez Soraluzeko Udaleko orduko idazkariaren aholkularitza ere. Pagaldairen eskutik bildu zen Lizundia taldera, Euskararen Liburu Zuria osatzeko lantaldetik ezaguna zuelako, eta Juan Jose Eizagirrek eskatuta bigarrena.
Primo de Riveraren eta Francoren diktaduretan derrigorrean anexionatu zituzten herrien desanexiorako Durangaldean sortu zuten koordinakundeko kide zen Lizundia, eta Iurretaren desanexioaren esperientzia ekarri zuen Mendarora. 1977an, Garagartzako eliza bete egin zen hark emandako hitzaldia entzuteko. Jose Manuel Perez ez zen desanexio gaietan ibilia aurrez, baina bazuen administrazio kontuetan eskarmenturik, eta berari entzuna da erronkatzat hartu zuela Mendarotik txosten administratiboa egiteko egin zioten proposamena.
Taldean, nork bere pentsakera eta ideologia izango zuen, baina helburu batek batzen zituen eta asmatu zuten prozesua alderdi batek edo besteak monopolizatzeko arriskuari ihes egiten ere. Gorabeherak hamaika izango ziren, eta ezinak edo gainditu beharreko oztopoak ere nahi baino gehiago, baina asmatu zuten taldean aurrera egiten. Guruzpe kultur elkarteak antolatuta hainbat ekintza ere egin zituzten herrian, Mendaro herri izateko prozesuari bultzada emateko. Besteak beste, Mendaroko mugetatik mendi-ibilaldia antolatu zuten, Bittorio Garate gidari hartuta; 1+1=1 lelodun pegatinak atera zituzten, Mendaro herria aldarrikatzen zuten kamisetak ere bai, eta jai-ukituko ekitaldiak ere antolatu zituzten, edozenbat. Eta jakina, dirua biltzen etxez etxe ere aritu ziren, ilusio hutsarekin ezin direlako ametsak gauzatu.
ERREPORTAJEA osorik BARREN astekariko 1310. zenbakian -PDF-