'New age' izena ipini dio, eta gaur egungo gizarteari abesten dio. Musika elektronikoa da, ordenagailuarekin eginikoa, baina pop eta indie estiloaren ukitua ere nabari zaio. Letrak berak idatzi ditu, abesti batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk euskaraz, eta bideoklipa ere sortu du inteligentzia artifiziala erabilita.
• 'New Age' izeneko diskoa sortu duzu, zure hamaikagarrena. Kontatuko al diguzu nolakoa izan den prozesua?
Hamaikagarren diskoa da, bai, eta hau izan da lasai eta denboraz egin dudan lehenengoa. Ez naiz oso aditua promozioan, eta jende askok ez daki diskoak egin ditudanik ere, baina hamaika ditut dagoeneko!. Pandemia aurretik hasita nengoen, baina gero etena izan nuen. Azken urte eta erdian lasai ibili naiz, eta diskoari eskaini diot ia nire denbora guztia. Letrak idatzi ditut, musika sortu, abestu eta grabazioa ere etxean egin dut. Txakurrak zaunka hasten zirenean geratu egiten nintzen, baina bakarren bat sartu da diskoan. Zorionez, musikak estaltzen ditu eta ez dira entzuten. Hamaika abestiz osatuta dago diskoa, horietako hiru euskarazkoak dira eta bat instrumentala. Nik ez ditut instrumentuak jotzen, dena ordenagailuarekin egin dut. Musika elektronikoa eta pop musika uztartu ditut, elektropop estiloa dela esango nuke, indie ukitu batekin. Ez ditut soinu elekroniko gogorrak erabili.
• Diskoa ez ezik, oraingoan bideoklipa ere sortu duzu.
Bai, estreinakoz egin dut bideoklipa. Hasieran lagun batekin grabatzea pentsatuta neukan, ni agertuta aktore moduan, baina azkenean adimen artifiziala erabili dut. Google-ek doan eskaintzen duen Genmod plataforma erabili dut irudiak sortzeko, eta Cutcup programarekin editatu dut bideoa. Adimen artifizialarekin txundituta geratu naiz. Youtuben ikusi nuen adimen artifizialari buruzko bideo bat, eta atentzioa eman zidan. Horrelako gauzak gustatzen zaizkit, eta saltseatzen hasi nintzen. Diskoaren azala ere adimen artifizialarekin eginda dago. Izugarria da mundu hau, eta niri izugarri gustatzen zait.
Bideoa oso ondo geratu da. Abesti horretan gaur egungo postureoa salatzen dut, eta irudiak oso ondo aukeratu ditu adimen artifizialak. Izugarria izan da! Ordu pila bat sartu ditut, baina oso ondo pasatu dut, eta seguru egingo dudala besteren bat. Ni marrazkilaria eta diseinatzailea naiz, eta agian nire kontra doa adimen artifizialaren kontu hau guztia, baina argi dago geratzeko etorri den erreminta bat dela, eta nik behintzat, probetxua ateratzeko saiakera egingo dut. Ikastaroren bat egiteko asmoa daukat aurrerantzean, eta agian nire etorkizuna diseinuaren mundutik bideratuko dut.
• C69 da zure izen artistikoa. Nondik dator izen hori?
C nire abizenaren lehenengo letra da. 69 bi kontugatik aukeratu nuen: batetik, Cancer horoskopoaren sinboloa da, eta bestetik, 6nemen9 taldeko zenbakiak dira. Iruditu zitzaidan C69 izenak lotura zeukala nirekin, baina ez dakit oso komertziala den.
• Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Betidanik gustatu izan zait musika. Ni txistularia izan naiz, eta behin erabili nuen silbotea abesti batean, baina gero desagertu egin zitzaidan eta baztertuta eduki dut. Orain agertu zait berriz, beste gauza batzuen bila nenbilela, eta agian erabiliko dut berriz zeozertarako, baina disko honetan ez dut sartu. 6nemen9 taldea utzi genuenean musikaren harra barruan neukan oraindik, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Hasita nengoen ordurako ordenagailuarekin musika sortzen; Ekekei antzerki taldearen obra baterako soinu banda egina neukan esaterako. Gaur egun entzuten dut eta ez zait batere gustatzen, baina orduan ahal nuen ondoen egin nuen. Hamaika disko sortu ditut ordutik, eta soinuan, batez ere, eboluzio handia igartzen da. Musika akumulatiboa egiten dut, hau da, elementuak gehitzen joaten naiz. Oinarri bat hartzen dut, eta elementuak gehitzen dizkiot.
• Zeri abestu diozu disko honetan?
Gaur egungo gizarteari, oro har, eta neure buruari. Etorkizunari buruz hitz egiten da pila bat, baina etorkizuna hemen dago jada. Gauzak asko ari dira aldatzen, eta are gehiago aldatuko dira denbora gutxian. Harremanak, teknologia... lehen dena errazagoa zen. Neure buruari ere abestu diot, animatzeko batez ere. Azkenaldian makal samar ibili naiz, bai osasunez eta bai umorez, etxetik apenas irten gabe... Kantatzeak ondo egiten dit. Abesti berriak sortzen ari naiz dagoeneko, eta badaukat buruan beste disko baterako ideia.
ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1210. zenbakian -PDF-
- C69ren diska guztiak Youtuben duen kanalean igota ditu
- C69-k Souncloud-en duen kontua, abestiak entzun eta debalde jaisteko.