Green Capital enpresaren matrizea den Capital Energy enpresak duela gutxi aurkeztu ditu Trekutz (Antzola-Urretxun) eta Buruzaiko (Azkoitia-Azpeitia-Zumarraga) zentral eolikoen ingurumen txostenak, eta han izan zuten estreinakoz erabakiaren berri "esplizituki". Ondoren enpresaren bidez konfirmatu ahal izan dute Karakaten bi haize errota ipintzeko egin zuten eskaera ez doala aurrera.
"Ez zaigu loteria tokatu, edo bai... edo Olentzeroren opari aurreratua izan da... baina hainbeste espero genuen berria iritsi da", adierazi du plataformak sare sozialen bidez. Pozez gainezka daude horrenbeste maite duten mendia babestea lortu dutelako, eta herri-lanaren eta eman duten erantzun bateratuaren emaitza izan da dela azpimarratu dute. "Zorionak eta eskerrik asko bide honetan bat egin duzuen eta babestu gaituzuen herritar eta elkarteei, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalei, eta Aranzadi zientzia elkarteari", idatzi dute.
Jaso duten berri on hau ospatzeko eta "arnasberritzeko" tarte bat hartuko dutela jakinarazi dute. Alabaina, aurrera begirako erronkak ezin dituztela ahaztu zehaztu dute, besteak beste, Karakateko mendigain osoaren babes erabatekoa lortzea, Euskal Herriko mendietan aurrera darraiten zentral eolikoei erantzuna ematea eta energia eta material krisiari "erantzun globalak" bilatzen eta lantzen jarraitzea.
Honako idatzi hau zabaldu dute sareetan Karakate Bizirik taldekoek: