Dantzan eta kantuan hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi Elgoibarren

Barren.eus 2023ko abe. 24a, 19:37

Domekan lan egitea egokitu zaie aurten Olentzerori eta Mari Domingiri, baina irripar handi batekin ailegatu dira gaur goizean Elgoibarrera.

San Lazaro egoitzara eta Eguneko Zentrora bisita eginez hasi dute eguna, eta herriko zaharrenekin Eguberritako abesti batzuk kantatu ostean, kalean zain zituzten herriko umeengana jo dute. Maalan egin diete ongi-etorria eta dantzan agurtu dituzte Inazio Bereziartua musika eskolako dantzariek. Traktorean igota kalejiran gurutzatu dituzte gero herriko kaleak, Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika Sailak Udalarekin lankidetzan antolatzen duen Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiran. Gabon kantak abesteko eta dantzatzeko geldialdiak egin dituzte, eta aurtengoan Mari Domingik eta Olentzerok ere egin dute dantza erakustaldia, eta ez edonolakoa, traktore gainean dantzatu baitute Kalebarren plazan egin duten geldialdian. Eguerdirako iritsi da kalejira Kalegoen plazara eta jendez gainezka topatu dute plaza, Elgoibarko Izarraren tonbolan boletoak erosi eta erosi ari baitzen ordurako jendea. 11:00etan zabaldu dute tonbola eta 13:00etarako agortu dituzte aurten salgai jarri dituzten txartel guztiak. 14:00etan egin duten telebistaren zozketarako ere jendetza batu da plazan. Maialen Mugertzak eraman du etxera. Ez da opari bat lortu duen bakarra izan, baina, ia 2.000 opari banatu baitituzte Elgoibarko Izarraren aldeko tonbolan.

Mari Domingi eta Olentzero traktoretik jaitsi eta eliz aurrera joan dira umeen gutunak jaso eta beraien desioak entzutera.
Udal Musika Bandak ere girotu du egun berezi hau, Eguberrietako kantak joz egin duten kalejiran.

Atxutxiamaikak Olentzero eta Mari Domingi egon diren estalpea apaintzeko laguntza eskatu zien herriko umeei eta lan mordo bat jaso dituzte. Parte hartu duten lagunen artean zozketa egin dute eta honako lau hauek izan dira sarituak: Libe Sasiain, Lur Arrieta, Martina Etxeberria eta Danel Etxeberria. Pitxintxun euskarazko produktuak erosteko 40 euroko erosketa bonoa jaso dute saritzat.

 

2023 12 24 kalejira elgoibar izarra olenmari BARREN

2023 12 24 olentzero maridomingi kalejira elgoibar BARREN

2023 12 24 tonbola elgoibar izarra BARREN

2023 12 24 tonbola elgoibar izarra pano BARREN

2023 12 24 tonbola elgoibar izarra tb maialen mugerza BARREN