Besotik helduta agertu ziren Moxuaneko parera Olentzero eta Mari Domingi atzo, eta han zain zituzten haurrak eta gainerakoak agurtu ostean, Agustin Lazarobasterren traktorera igo ziren. Agustin bera eta Gaizka semea izan ohi dituzte normalean gidari Olentzerok eta Mari Domingik Mendaron, baina aurten Pello Agirregabiriak hartu du Agustinen lekukoa, eta Gaizka Lazarobaster eta bien artean, goxo-goxo eraman zituzten Gabonetako bi protagonistak, aurretik Ameikutz musika eskolako trikitilariak zituztela bidea zabaltzen, eta inguruan hogei bat ume faroltxoekin argi egiten. Garagartzan hasi, eta Jose Maria Lizanasoro kaletik barrena, Mendarozabalerako bidea hartu zuten, eta han buelta eman eta Azpilgoetara jo zuten gero, herriko hiru auzoak lotuz. Bidean hainbat geldialdi egin zituzten kanturako. Ongi-etorri ofiziala, baina, plazan egin zieten mendaroarrek Olentzero eta Mari Domingiri. Neska talde batek agurra dantzatu zien musika eskolako txistulariak lagun hartuta, eta ondoren, bertso eskolako ikasle gaztetxoek kopla bana kantatu zieten. Paul Lopez gazteak gidatu zuen plazako ongi-etorria eta hark egindako galderei erantzun ostean, udaletxera erretiratu ziren gure bi lagunak, lanaldi luzeari ekin aurretik mokadu bat egitera. ARGAZKI BILDUMA